Egun 100 urte sortu zen Mattin bertsulari Ahetztarra
Hitzjario bixi-bixikoa zen Mattin Treku bertsularia, ahots ederrarekin kantatzen zuen, beti erne eta mihia bixi. Gaia eman, eta berehala hasten zen kantuan. Xapel haundia buruan, eta irria ezpainetan, beti umore oneko. Eta edozoin gai emanik ere, gogotik onartzen zuen. Bakarrik nahiz taldean izan, gizon gozoa eta atsegina.
Haurretik izan zuen bertsutarako zaletasuna eta dohaina. Amaren aldeko aitatxik bertsu zahar ainitz erakatsi omen zizkion. Eta aitatxi horren otto bat ere bertsularia zen, izenez Mattin hura ere, baina deituraz Inhargue.
Oxobi jakintsuak eman zizkion bertsutarako lehenengo ikasgaiak, eta erakutsi bat-bateko bertsutarako baldintza zonbeit, hala nola, bertsuaren neurriak, potoa, puntuak nola hautatu behar diren, bertsuaren luze-laburrak nola neurtu eta abar, beti doinuari untsa kasu emanez,
Laster ohartu zen Mattin bertsuaren nundik norakoetaz. Eta hamazazpi urte zituela, famatuak ziren Sarako pestetara joan zen, han bertsulariak urtero izaten zirela eta... Egun hartan bertsulari bakarra zuten ordea Saran, Luhusoko Panpale deitzen ziotena, deituraz Larralde. Hura entzun eta, berotu zen Mattin gaztea eta lagunek behartuta bertsulari zaharraren ondoan jarri eta kantari hasi zen. Huna nun, nahitaez hasi zen Mattin lehenengo aldiz plazan bertsutan, 1933an.
Munduko Bigarren gerla bukatu zenean hasi ziren Teodoro G. Hernandorena mediku jaunak antolatu saioak. Hala nola, Donibane Lohizunen 1946ko irailaren 22an egin zen iparraldeko bertsularien lehen bilkura handia. 16 bertsulari bildu zituen Hernandorenak: Xalbador (Urepele), Zubikoa (Banka), Intzabi, Iriarte eta Xetre (Hazparne), Goikoetxea Orkazarre (Azpeitia), Aintziart (Heleta), Errexil (Urruña), Etxahun (Iruri), Larramendi (Suhuskune), Gariador (Arrangoitze), Etxexuri (Amikuze), Mattin (Ahetze), Meltxor (Hendaia), Larramendi (Irisarri) eta Felix Iriarte (Banka). Ondotik urtez urte xapelketak antolatzen segitu zuen Hernandorenak, eta lehiaketa haietan guztietan parte hartu zuen Ahetztarrak, bai eta tarteka xapeldun atera ere.
Aldi berean Euskal Herriko herrietan arrakasta handia lortu zuen Mattinek, betiko bere lagun Xalbadorrekin bertsutarako bikotea osatuz. Urepelekoa seriosa bazen ere, Mattinek nahiago zuen irri egiteko kantatu. «Tristezia, bera etortzen da, aski goiz. Beraz, maiteago dut atakan, arrazoinka, batailan ari izan bertsutan», aitortzen zuen askotan.
Xapelketa gizona baino gehio lagun arteko bertsularia zen bereziki, eta bertsu saioetako arima, saioen suspertzaile, irribarre gozoaren eragile beti. Hala ere, 1960tik 1967ra bitartean egin ziren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusi guztietan parte hartu zuen.
1981. urteko uztailaren 22an itzali zen Mattinen irria.
Gehiago jakin: Bidegileak Mattin (1916-1981) Joxemari Iriondoren eskutik