Bertsuak mahats berria bezain gozo ta fresko Baigorrin
8ko haundiko ariketarekin hasi ziren, ohi den bezala, Aitor eta Sustrai, lizeoan mozorrotuak ziren bakarrak izanki, apirileko arraina sasoinez kanpo gertatu zitzaiela aipatuz. Odei eta Xumaik alaba homosexualaren ixiltasuna konfidantza faltaren marka gisa hartu zuten ta Miren ta Egoitzek Kolonbiako eta Euskal Herriko bake prozesuak izan zituzten aipagai besteak beste ariketa hunen bukaeran.
8ko ttipian, Egoitzen xixtuarekin irria sortu zen publikoan, Aitorrekin oreinen oihua entzun beharrean xoriaren kantua zuela beharrietan. Miren eta Odeik Odeiren gaueko hitzak zituzten eztabaidagai, ta Odeiren ametsetako Katixa baten aipamenak kexaturik zaukan Miren. Xumai ta Sustrai berriz, ostatuan bakarrik, lagun ezkondu eta burraso bihurtu guzien deserzioa dela medio, bi txupeten beharrean bi txupito nahiago zituztela.
Xilaban berria den bakarkakoen ariketa izan zen saioko momenturik hunkigarriena, bertsulari guziek utzi zuten beren herexa gure gogoetan. Besteak beste Aitorren langabezia urteen ondotik edozoin lanen onartzeko prestutasuna, Sustrai Baigorriarrak azken errefuxiatuaren agurtzean ixuri malkoa, Xumaik izara arteko anonimoari eskaini agur apala, Odei maratoilariaren gorputzaren mugak hunkitu beharra, Miren haurdun frogaren erantzunen zain, nahi duen ala ez duen ere ez dakiela eta azkenik Egoitz, sustengu gaualdi batean kantatutako bertsularia, hiru garagarno ta irripar batekin etxeratzen zela.
Kartzelaren tenorea jin zenean, 10eko ttipiko ofizioa izan zuten egin beharreko lan. Gaiak umoretik kantatzera behartu zituen denak, paraxutez elgarri loturik egin zutela jauzi eta paraxutea ezin idekia zela. Hiru bikoteak ibili ziren zeruan behera, elgarrekin hiltzeari kantatzen, batzuentzat plazerrik gabeko gertakaria, besteentzat ohorea. Hala nola Mirenek Sustrairi kantatu zion harekin hiltzearekin betan heroe nazionala bihurtuko zela. Batzuk erortzearen abiadura haundia ahoan, besteek ttipia, batzuek beldurretik, besteek itxaropenetik eta denek umoretik hartu zuten gaia.
Hortan bukatu ziren lan puntuagarriak eta bertsularien esker oneko azken agurren ondotik jin zen sailkapen eta puntuazioen tenorea. Huna nolakoak izan ziren:
1.Sustrai Colina - 388,5
2.Odei Barroso - 361
3.Miren Artetxe - 358,5
4.Xumai Murua - 333
5.Egoitz Zelaia - 331,5
6. Aitor Servier - 306
Bixente Hirigarai gai emaile baigorriarrak saioa bukatu zuen hitzordua emanez Izturitzen, urriaren 15ean, bigarren finalaurrekorako, arratsaldeko 5 etan herriko gelan.
Etxauzia elkarteko lagunen ostatuaren inguruan bururatu zen gaualdia.