Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

2016. urteko Xilaba Bertsulari xapelketaren lehenengo kanporaketarako dena prest

2016/09/21
Irailaren 24an abiatuko da Xilabaren 5. edizioa Donibane Lohizunen jokatuko den lehenengo kanporaketan. Bertan Amets Arzallus, Egoitz Zelaia, Kerman Díaz, Miren Artetxe, Nahia Sasco eta Ramuntxo Christy bertsulariak neurtuko dira. Pantxika Solorzano arituko da gai-emaile Donibane Lohizuneko Ravel aretoan. Saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan izango dituzue salgai.

Larunbatean abiatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren bosgarren edizioa. Donibane Lohizuneko herriak hartuko du Xilaba.

Bertsulariak:

Amets ARZALLUS

1983. urtean jaio zen Hendaian. Kazetaria  da. Hendaiako bertsu-eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, erakasle gero. Hiru aldiz finalista izan da Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta 2013. urtean lortu zuen Euskal Herriko xapelduna izatea.XILABA xapelketan hiru aldiz xapelduna izan da, 2008, 2010, eta 2012. urtean. Aurtengoa XILABA xapelketan, laugarren partehartzea izanen du. 

Egoitz ZELAIA

Hendaiarra, 1982ko azaroaren 24an jaio zen Donibane Lohizunen. Euskal Ikasketak kurtsatua, bertsu-eskoletako irakasle bezala dabil. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduraduna izan da, eta egun Bertsularien Lagunak elkarteko Ikerkuntza arduraduna da. Hernandorena eta Bagare bezalako sariketetan finalista izan da. Xilaban hau du 4. parte-hartzea.

Kerman DIAZ

Urruñarra da eta 17 urte ditu. Donibane-Lohizuneko ikastolako bertsu-eskolan hasi zen 8 urterekin. Hendaiako bertsu-eskolatik igaro ondotik, Baionako bertso eskolan ibili da eta gaur egun ALBE Algortako bertso eskolan dabil. Eskolarteko xapelketan hainbat aldiz parte-hartu eta sari batzuk jaso ditu. Aurtengo XILABA xapelketa, aurrenekoa izanen du.

Miren ARTETXE

Lasarten jaio zen 1985. urtean, eta haurra zela joan zen Hendaiara bizitzera. Euskal Filologia egin zuen Gasteizen, eta Bartzelonan jarraitu zituen ikasketak. Bertso-eskoletan erakasle aritu izan da lanean. Txikitan eman zuen izena Hendaiako ikastolako bertsu-eskolan, eta geroztik bertsularitzak leku bat izan du beti bere bizitzan. Bi aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta laugarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Nahia SASCO

Lekuinekoa da eta 18urte ditu. 9urterekin hasi zen bere herriko bertsu-eskolan, ondotik Kanbo eta Baionako bertsu-eskoletan ibili aitzin. Eskolarteko xapelketan parte hartu izan du azken urte horietan eta aurten, lehen aldiz kantatuko  du Xilaba xapelketan.

Ramuntxo CHRISTY

Aiherran sortua, egun Amikuzen bizi da. Gaztetik senditzen zuen bertsu zaletasuna garatu du bertan, Mauleko bertsu-eskolan sartuz 2005an, eta Xiberoko Bertsu Ekartearen ardura eramanez. Euskal irratietan Punttuka bertsularitzari buruzko irratsaioa animatu du Xan Alkhatekin. XILABA xapelketan parte-hartzen du 2010a geroztik. Ofizioz mekanika injenidore.

Gai-emailea Pantxika SOLORZANO izanen da. 

Egin beharreko lanak:

11na bertsu puntuagarri

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 2 punturi erantzun, eta hitz bat emanda bertsu bat (gehienez 5 puntukoa).
  • Kobla handian binaka, 4na kobla bakoitzak, bina bertsu osatu arte.
  • Agurra.

 

Sarrerak:

Saioa Donibaneko Ravel aretoan izanen da arratsaldeko 17:00etan hasita. 

Kanporaketa eta finalaurrekoetako sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

Finaleko sarrerak eskuragarri egonen dira www.bertsosarrerak.eu atarian zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat puntutan.

Txapelketari buruzko informazio osoa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.com atarietan jarraitu ahal izango da.