Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

XILABA Bertsulari Xapelketaren Finala aurkeztu da

2014/11/06
Gaur goizean Baionako Euskal Erakustokian aurkeztu da prentsaurreko baten bitartez Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko IV. Bertsulari Xapelketako finala.

Baionan, 2014ko azaroaren 6an.

Gaur goizean aurkeztu da prentsaurreko baten bitartez Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko IV. Bertsulari Xapelketako finala.

Prentsaurreko horretan izan dira:

Marikarmen ALBIZU, Bertsularien Lagunak elkarteko eragilea, Maurice AGUERRETCHE, Xapelketako antolakuntza kidea, eta Miren ARTETXE, Xapelketako antolakuntza kidea.

Finalistak: Sustrai COLINA, Eneritz ZABALETA, Odei BARROSO, Ramuntxo CHRISTY, eta Xumai MURUA. Maddalen ARZALLUS-ek ezin izandu bertan egon.

Hasteko Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko IV. Bertsulari Xapelketak orain arte izan duen ibilbidearen bilan labur bat egin dute. Ondoren, azaroaren 15ean jokatuko den finalaz hainbat argibide eman dituzte.

Kanporaketen eta finalerdien inguruko hainbat ohar emateko Miren Artetxek hartu du hitza :

SILABAZ XILABA, MUSKILDITIK AIZIRITZERA

Orain arte hiru kanporaketa eta bi finalerdi jokatu dira xapelketaren baitan. Urriaren 4an abiatu zen bertsu-bidaia Muskildin, eta entzuleen erantzun goxoa sentitu ahal izan genuen bertan. Senperen jokatu zen bigarren kanporaketa EH-ko Bertso Eskolen Egunarekin batera, eta zazpi probintzietako gazteen ilusioak eta alaitasunak indartu zuen gure egitasmoa. Hala, gogoz heldu ginen Aiherran jokatu zen azken kanporaketara. Hiru saio hauetako giro onak utzi aho-zapore goxoz, bertsu-egarriz heldu ginen finalerdietara. Urriaren 26an jokatu zen lehena Larresoron, eta joan den igandean bigarrena Aiziritzen, erabakirik utziz, beraz, finalean izanen diren sei bertsulariak.

Finalari buruzko xehetasunei heldu aitzin, hala ere, eskerrak emateko gogoa eta ardura sentitzen dugu. Alde batetik, gure eskerrik beroena eman nahi genieke saioetara hurbildu diren bertsuzale guziei, haiek hauspotzen baitute gure hiru lurraldeetako bertsugintza, eta haiek ere eragile baitira bertsularitzaren suspertze honetan. Bestetik eskerrak, parte hartzaile, laguntzaile (epaile eta gai egile taldeak barne) eta babesle guziei. Halaber, nola ez eskertu xapelketako ibilbide osoan bidelagun izan ditugun eta izanen ditugun elkarteak. Aurten, izan ere, herrietako elkarteekin elkarlanean antolatu dira saioak, eta biziki aberasgarri jotzen dugu saioen prestaketa lanetan, saioetan zehar eta saioen ondotik garatu harremana. Mila esker bihotzez, beraz, MUSKILDI BIZI elkarteari, Aiherrako BELZUNTZE elkarteari, Larresoroko OTE LORE elkarteari eta Amikuzeko ZABALIK elkarteari. Agian luzaz izanen dugu haiekin lan egiteko parada!

Ondoren Miren Artetxek Maurice Aguerretcheri utzi dio hitza, eta finalari buruzko xehetasunak aurkeztu ditu:

HELDU ZAIGU FINALA

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko IV. Bertsulari Xapelketako finala BAIONAN jokatuko da, Lauga gelan, azaroaren 15ean, 17:00etan.

Finalaurreko fasetik sailkatu diren sei bertsulari lehiatuko dira bertan: finalerdietan lehen postua lortu dutenak, Sustrai eta Eneritz, eta orotara puntuazio gorena lortu duten lauak, beraz hau da seikotea:

  • Sustrai Colina

  • Eneritz Zabaleta

  • Maddalen Arzallus

  • Ramuntxo Christy

  • Odei Barroso

  • Xumai Murua

Eta hauek izanen dira saioan zehar egin beharreko lanak:

Seikotearen lana (15na bertsu puntuagarri)

  • Agurrak.

  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.

  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.

  • Banaka, 3 punturi erantzun.

  • 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.

  • Kartzelan bakarka, gaia emanda hiruna bertsu doinu eta neurri librean.

Buruz burukoa (9na bertsu puntuagarri)

  • 6ko mozean ofiziotan, hiruna bertsu.

  • 8ko ttikian ofiziotan, hiruna bertsu.

  • Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertsu doinu eta neurri librean

  • Agurrak

Behin lanak bukatuta eta epaimahaiaren erabakia esku artean, txapela emateko mementua helduko da noski. Eta aurten, Txomin Ezponda bertsulari baxenafartarrak jantziko dio txapela txapeldun berriari.

Txomin Ezponda, 1937ko irailaren 9an Jatsun sortua, bat-bateko bertsularia eta bertsu-jartzailea, laurogei eta laurogeita hamargarren hamarkadetan plazaz-plaza ibili izanagatik ezagutzen dugu gehienbat Txomin Ezponda. Nafarroako zein Euskal Herriko txapelketetan aritua, Xalbador eta Mattin bertsulari ezagunen eta belaunaldi hartako bertsularien kantukide izan zen. Gaur egun gazteak diren bertsulari ainitzekin ere kantatu izan du Ezpondak, bere jardunarekin indartuz belaunaldien arteko beharrezko zubilana.

Halaber, aurtengo txapelketako finaleko berrikuntza nagusi bat aurkeztu nahi genizueke orai. Txato Saria, hain zuzen ere.

Miren Artetxek hartu du hitza berriz, Txato Sariaren inguruko xehetasunak azaltzeko:

Txato Saria

Dakizuen bezala, Aitor Renteria « Txato » bertsulari, kantuzale, euskaltzale eta laguna joan zitzaigun xapelketa honen prestaketa lanak abiatuak zirela. Haren ekarpenak gure artean jarraitzen du haatik, eta ekarpen hori ikusgarri egin nahi genuke Txato Sariaren bidez. Txatoren ahots ederra eta kantuzaletasuna gogoan, bere izeneko sariak finaleko bertsularien artean kantaera aberatsena erabiltzen duen bertsularia saritzea izanen du helburu. Kantaera aberatsena erratean, doinutegi aberatsena aipatzen dugu bereziki, eta baita doinuen erabilera ere, hots, airearen eta bertsuaren edukiaren arteko koherentzia.

Sari honetarako kontuan hartuko diren ariketak, 6 bertsulariek egin beharko dituztenak izanen dira, hots, buruz-burukora arteko saioa. Eta horretarako, hiru epaimahaikide ezin egokiagoen laguntza izanen dugu : Mixel Aire « Xalbador » bertsulari baxenafartarra (kantaera ederragatik ere ezaguna), Pantxika Solorzano Bertsularien Lagunak elkarteko kide, kantari eta musikari lapurtarra eta Jojo Bordagarai baxenafartarra, euskal kantagintzako ahots ezaguna eta ibilbide luzekoa, hiruak ere Txato ezagun zutenak.

Izanen da ezusteko gehiago ere noski, baina hara, oraingoz, heldu den larunbatean jokatuko den finalaz erran dezakeguna. Ez dugu dudarik besta egun handi bat izanen dela, eta denak gomitatuak zirezte noski, bertan parte hartzera. Goza dezagun, eta goxa gaitezen!

Bukatzeko bertsulari bakoitzak bere burua aurkeztu eta gero, hedabideen elkarrizketekin amaitu da prentsaurrekoa.