Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Sustrai irabazle 4. XILABA xapelketaren lehen final-erdian

2014/10/27
Igande arratsaldez jokatu zen 4. Xilabako lehen final-erdia. Eguraldi ona izan arren, 270 bat pertsona hurbildu ziren Larreseroko Herriko gelara, kanpoko goxotasuna barnera eramanez. Bertan entzun ahal izan genituen Ortzi Idoate, Odei Barroso, Xan Alkhat, Maddi Sarasua, Xumai Murua eta Sustrai Colina bertsulariak. Saioa arratsaldeko 5etan hasi zen eta astiriko 7 terdietan entzulegoa emaitzak entzunik, Ote Lore elkartearen talo ta edarien goxatzera ateraia zen.

Igande arratsaldez jokatu zen 4. Xilabako lehen final-erdia. Eguraldi ona izan arren, 270 bat pertsona hurbildu ziren Larreseroko Herriko gelara, kanpoko goxotasuna barnera eramanez. Horrela, Ortzi Idoate, Odei Barroso, Xan Alkhat, Maddi Sarasua, Xumai Murua eta Sustrai Colina igo ziren oholtzara eta saioari hasiera eman zitzaion.

Hasierako agurrean Maddik eri zela aipatu zuen, baina buruko minaren gainetik zuen onena entzuleari emateko prest agertu zen.

Hala, indarrez beterik hasi zen zortziko handiko lehen ofizioa. Ortzik, Odei aspaldi ikusi gabeko gaztetako amodioa atzeman ondotik, azken honek gonbidaturik buruz buru trago bat hartzen ari zirela, Odeiek fin erantzun zion Ortziri, harremana berriz hasten saiatzen ari zelarik "baso bat soilik eskaintzen dizut zuk botila nahi al duzu?". Hurrengo ofizioa seriosagoa izan zen, Ebolaz kutsaturiko erien sendatzera konbokaturiko bi erizainen paperetik kantatu behar izan zuten Maddi eta Xanek. Maddik hasieran dudak bazituen ere, Xanek konbentzitzea lortu eta eskuz esku Kongora joatea erabaki zuten. Xumai eta Sustraik eman zioten azken umore puntua, ofizio bizia eskainiz entzulearen gozamenerako. 30 urteko alaba oraindik etxean duten gurasoen paperean ezarri zituen Maianak , alaba lanean eta afaltzeko haren beha zirela. Xumaik guraso kezkatuaren papera hartu zuen, alabak mutila atzemateko zituen zailtasunak argudiatuz, eta Sustraik aldiz kexu erantzuten zion afariaren gosez, "nere alaba anitz maite dut, daukat barren barrenean, baina hori bai piskat guttio goseak nagoenean".

Zortziko ttipietan ere ale ederrak joan ziren. Xumai eta Ortziren lana izan zen behar bada entzulearengandik erantzun gehien bildu zuena. Xumai igeriketako erakasleari, Ortzi 80 urteko aitatxi bat, igeriketan ikasteko gogoz beteta hurbiltzean hasi zen ofizioa. Ortzik umorez bota zion " igerian badakit txakurrek bezela, hilabetean nahi dut iduri igela" eta Xumaik lehenik pizina ttikia eta gero oinak bustitzen hastea kontseilatu eta gero, "baina horretarako ez al ditut beharko palmak?" galderarekin bukatu zuen Ortzik.

Hamarreko ttipietan, gaiak seriostuz joan ziren eta ofizio hunkigarria eskaini ziguten Odei eta Sustraik, elbarritu bilakatutako kirolarien paperean, elbarrituen kirol federazioko gomita egin berri zietela. "elbarriturik ariz maila apartean bizitza joanen zait erroten gainean" bota zuen Sustraik eta Odeiek "ta orain buruan dut gurpil zilatua" erantzun. Odeiek bere laguna animatuz bukatu zuen ofizioa "nere izan dadin zure medaila bakoitza". Maddik eta Xumaiek eman zioten umore kutsu bat ariketari, Xumai maitemindua eta bikotean denetik gehiago ikusten ez zuela, eta Maddi bere lagunak berarekin mintzatzera joatea erabaki zuen. Gaiari bere zukua ateraz umoretik ibili ziren biak.

Kartzelako ariketaren txanda iritsi zen ondotik, final-erditako ariketa. Bertsu ederrak joan ziren, puntuei erantzun finenak Xumai eta Sustraienak izan ziren. Bi bertsu botatzeko gaia hau izan zuten bertsulariek : "aldaketa hori egin duzunetik jende gehiago hurbiltzen zaizu". Ortzi sexu aldaketa egin zuen pertsona baten paperean kokatu zen. Odeiek ere ebakuntza bat egin eta hala ere ongi senditzen ez zela bota zituen bi bertsuak. Xanek bertsukerari buruz kantatu zuen doinu ederrean. Xumaik aldiz, enpresa handiengana hurbildu zen dendari baten paperetik kantatu zuen, eta Sustraik bere herriko hautetsi izanik bota zituen bertsuak. Hala ere, umore puntua Maddik eman zion begi-lagunak kendu zituela eta arrakastaz harriturik, hala bukatu zuen bigarren bertsoa "ze arrakasta ukanen dudan makilatzen naizenean".

Horretan bururatu zen lehen final-erdia, Xilaba agurtu zuten bertsulari batzuen agurrek, entzuleei irribarrea ateraraziz. Berehala eman zuen Maianak epaia, eta Sustrai saioko irabazle izendatu zuen. Horrela, Sustraik bere lekua du jada, azaroaren 15ean Baionan iraganen den finalerako. Beste bertsulariak, heldu den astean Aiziritzen jokatuko den bigarren final erdiaren beha egon beharko dira.