Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Silabaz Xilaba eta Bertso Eskolen Eguna Senperen

2014/10/12
Larunbatean Senpereko Larreko kulturgunean bildu ziren berrehun eta berrogeita hamar entzule inguru, bertan ospatu zen 4. Xilaba honetako bigarren kanporaketan. Bertan entzun ahal izan genituen Battitt Crouspeyre, Lur Renteria, Maddi Sarasua, Maddalen Arzallus, Xumai Murua eta Miren Artetxe bertsulariak. Arratsaldeko bostetan hasi zen saioa, baina, goizean goizetik senti zitekeen besta giroa Senpereko karriketan, Bertso Eskolen Eguna kari.

 Lesakan izan zen lehen Bertso Eskolen Eguna. Gero jin ziren Zarautz eta Markina-Xemein, eta aurten Senperek hartu du lekukoa. Xiberoko, Baxenabarreko eta Lapurdiko gazteek antolaturiko egun honetan Euskal Herriko bertsu-eskoletako kideek elkarrekin eguna pasatzeko parada izan zuten. Hala, Larraldean bazkaldu zuten gazteek, eta kantuz eta musikaz lagundurik egin zuten Larreko kulturgunerainoko bidea. Han egin zuten bat bertsu-eskoletako gazteek, eta bertsu-gosez hurbildu ziren gainerateko berrehundik gora jendek, eta giro ezin hobean abiatu zen saioa.

Une bereziki hunkigarria bizi izan genuen Lur Renteriak bere osaba Aitor Renteria “Txato”-ri agurra eskaini ziolarik, eta malkoak ikusi ziren zenbait entzuleren begietan. Berehala heldu ziren, ordea, zortziko handiko ariketak, eta giroak umorerantz egin zuen, Xumaik eta Maddik aitatxi-amatxien roletik kantatu behar izan zutelarik. Bakantzetara joateko asmoa dutela eta, haien seme-alabei kontsulta egin nahi lieke Maddik, iloben zaintza koordinatu ahal izateko. Xumaik aldiz, ez du deus galdegiteko beharrik sentitzen. Umore fina erakutsi zuten bi bertsulariek eta saio puntuatuari hastapen ederra eman zien. Lur eta Battittek eman zieten segida zortziko handiko lanei, eta bi errefuxiaturen larruan sartu behar izan zuten. Senperen urte anitz pasaturik, sorterrira itzuli nahi du Lurrek. Battittek aldiz, Senperen gelditzea erabaki du. Debate intentsua eskaini ziguten bi bertsulariek, saio hasierako maila onari eutsiz. Ez zen maila jautsi Maddalen eta Mirenek osatu ofizioan ere. Arrantzale familia bateko ama da Miren, eta alaba Maddalen. Amaren itsasuntzian lan egin izan zuen Maddalenek, eta nahiz beste lan batean aritu azken denboran, orain langabezian izanik lan eske joan zaio amari. Honek, aldiz, postu hura gaur egun beste norbaitena dela erantzun dio. Ale ederrak utzi zituzten bi bertsulariek, zortziko handiko lanei bukaera emanez.

Zortziko ttikiko ofizioen garaia heldurik, umorea espero zuen entzuleak, eta bertsulariek eskaini zieten irri egiteko parada. Umore finez aritu ziren Xumai eta Battitt. Merkatuan barazkiak saltzen ari dira biak, eta orenak aitzina doazela ikusirik, Xumaik prezioak apaltzen hasi da. Algarak entzun ahal izan ziren salan, eta bereziki eskertu zuen publikoak saioko bi mutilen arteko bertsualdia. Miren eta Maddik aritu ziren gero, bikote baten paperean: Miren lanera joaten da egunero, eta Maddi, aldiz, hamar urte da bere tesia idazten ari dela, sekula bukatu gabe. Umorez segi zuen beraz saioak, eta hala bukatu zuen zortziko ttikiko ofizioen tarteak, Maddalen eta Lurren saioarekin ere. Maddalen eta Lur lagunak dira, eta Maddalen usaian hitzorduetara beti berant heldu dela ikusirik, Lur lagunak hitzordu faltsua egin dio egun, eta 30 minuta daramatza Lurren beha.

Puntuei erantzuteko eta hitzari kantatzeko garaia heldu zen zortziko ttikiko lanak bukatu bezain laster. Maddalen puntu erantzun borobilek aipamen berezia merezi dute, baina, orotar fin aritu ziren lan honetan ere sei bertsulariak. Hitzari kantatzerakoan ere ale ederrak entzun ahal izan genituen, batzuenak umoretik eta besteenak sakonetik.

Kartzelako lanean hamarreko ttikian ofiziotan egin behar izan zuten bertsulariek, honako gaiari jarraiki: adineko bikotea dira, eta promotore batek etxea erosteko eskaintza egin die. Eman beharreko arrapostuaz eztabaidak entzun ahal izan genituen beraz, eta Battitt eta Maddik osaturiko lehen bikoteak saio umoretsua egin bazuen ere, aski serios bukatu zen saioa, Xumai eta Maddalen eta Lur eta Mirenen lanekin.

Saioari bukaera emateko, Ihintza Ostolaza aurkezleak, saioko puntuazioak eman zituen: Maddalen izan zen puntu gehien bildu zituena, eta zuzenean sailkatu da, beraz, Aiziritzeko finalerdian kantatzeko, azaroaren 2an. Gaineratiko lauek (Mirenek saioan kantatu badu ere ez baitu xapelketan parte hartzen) Aiherrako azken kanporaketako puntuaketen beha egon beharko dute, finalerdietan kantatu ahal izanen dutenez jakiteko.

Saioaren ondotik bestak segi zuen Senperen. Lehenik Larrekon berean elkarteko bolondresek eskaini edariak, pintxoak eta bixkotxak gozatzeko parada izan genuen. Eta azkenik, Senpereko Oxtikenea Gaztetxean segitu zuen gaualdiak, Bidelapurrak eta Guri5 taldeen kontzertuekin. Goizaldera arte luzatu zen, beraz, eguerdiko bazkarian eta saioan sortu giro goxoa.