Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Datorren larunbatean Aiherran ospatuko den Xilabako azken kanporaketarako, dena prest

2014/10/15
Urriaren 4an Muskildin abiatu zen Silabaz Xilaba, Senperetik pasa ondoren, datorren larunbatean urriaren 18 iritsiko da Aiherrara... Bertan jokatuko den hirugarren kanporaketan Eneritz Zabaleta, Odei barroso, Ortzi Idoate, Ortzi Murua, Patxi Iriart eta Ramuntxo Christy bertsulariak neurtuko dira. Iban Falxa arituko da gai-emaile Aiherrako Denen Etxea gelan. Saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan izanen dituzue salgai.

Larunbatean jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren laugarren edizioko hirugarren kanporaketa. Aiherrako herriak hartuko du Xilaba, eta hau izanen da azken kanporaketa.

Bertsulariak:

Eneritz Zabaleta

Doktoretza tesia prestatzen ari da. Bitartean, kazetari lanetan eta eskolak ematen ere ari da. 11 urte zituela hasi zen bertsuzaletzen, eta geroztik, eskolarteko hainbat xapelketatan eta sariketatan parte hartu du. Lehen aldiz parte hartu zuen pasatako Bertsolari Txapelketa Nagusian. Laugarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Odei Barroso

Barakaldon jaioa, hiru urte zituenetik Urruñan bizi da. Bertsularitza eskolak ematen ditu Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko ikastoletan eta bertsu-eskoletan. 13 urterekin hasi zen bertsutan, eta Hendaiako bertsu-eskolan ibilia da. Bi aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta laugarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Ortzi Idoate

1977ko urtarrilaren 3an sortua Baionan. Sasi bertsularia Txatok bertsu-eskola muntatu behar ginuela erran zuen arte. Ordutik aitor Sarasuaren erakaspen baliagarriei esker ene burua bertsularitzat izan eta Nafarroa eta Iparraldeko  xapelketan parte hartzea erabaki nuen 1998an (uste dut). Zainen aldetik gaizki pasa nuela eta, taula bertsularitza utzi eta sasi bertsularitzara itzultzea erabaki nuen. Urte anitz pasa ziren berriz ere astero Larraldean biltzen hasi nintzen arte, eta hortik XILABAn nere burua aurkeztea erabaki nuen, berriz ere taula bertsulari bilakatuz. Aurtengoa bigarren XILABA izanen dut.

Ortzi Murua 

Hamaika bertsu-afari entzun dut lokarturik. Oporretara bidean kopla batzu kantatzen saiatu eta Ikastolara bertsu erakaslea etorri zelarik bertsu-eskolan hasi nahi nuela erran nion amari, 8 urterekin. Hainbat ostiral arratsalde eman dut, Hendaiako deabruen artean. Larraldean ari naiz orain, ttikitan nuen segurtasun hura berreskuratu nahian. Urte hauetan, saioak zein udalekuak, Euskal Herri osoko bertsulagunak ezagutzeko parada izan dira. Bigarren aldiz parte hartuko dut Xilaban.

Patxi Iriart

1988an jaio zen Hiriburun eta bertan bizi izan da beti. Bere lehen plaza, Baionan afari baten ondorenean, bertsu-eskolako lagunekin egindakoa izan zen. Xapelketa ezberdinetan parte hartu du: Eskolartekotan, 2004an Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko gazteen xapela irabazi zuen, ondoren urte berean Euskal Herriko eskolarteko txapelketan finalista izan zen. XILABA xapelketan hau izanen du bere hirugarren parte-hartzea. Bat-bateko zenbait sariketetan ere parte hartu izan du: Hernandorena sariketa, eta beste...

Ramuntxo Christy

Aiherran jaioa, azken urteetan Xiberoan bizi da. Mauleko bertsu-eskolan dabil. XILABA xapelketan hau izanen du bere hirugarren parte-hartzea.

 

Gai-emailea Iban Falxa izanen da. 2012tik ari da gai-emaile lanetan .

Egin beharreko lanak:

12na bertsu puntuagarri

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 2 punturi erantzun, eta hitz bat emanda bertsu bat (gehienez 5 puntukoa).
  • Kartzela, 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Agurra.

 

Sarrerak:

Saioa Denen Etxea gelan izanen da arratsaldeko 17:00etan hasita. 

Kanporaketa eta finalaurrekoetako sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

Finaleko sarrerak jada eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eu atarian zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat puntutan.

Txapelketari buruzko informazio osoa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.com atarietan jarraitu ahal izango da