Faseak eta sailkatzea
Lau sailkapen fasetan banatua dago 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa: aurre-kanporaketak, final-laurdenak, finalaurrekoak eta finala. Final-laurdenetako fasea da urriaren 7an abiatzen dena.
Aurre-kanporaketak
Maiatzaren 26an eta ekainaren 2an jokatu ziren, Larraunen eta Etxaurin. Saio horietan azken txapelketan –hots, 2021koan- parte hartu gabekoak aritu ziren, hasiberri izan ala aspaldi parte hartutakoak. Haiei, azken txapelketako azken hiru sailkatuak gehitu zitzaizkien, saioak osatzeko. Guztira, beraz, hamabi bertsolarik jokatu zituzten aurre-kanporaketak, eta horietatik 7 sailkatu ziren txapelketarako. Haiekin batera ariko dira aurrez dagoeneko sailkatuta zeuden beste 17 bertsolariak.
Final-laurdenak
24 bertsolari izango dira fase honetan. Sei bertsolariz osatutako lau saio jokatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten beste hamalaurekin osatuko dira finalaurrekoak.
Finalaurrekoak
18 bertsolari arituko dira fase honetan: aurreko faseko saio bakoitzeko irabazleak eta puntu gehien batzen dituzten beste hamalauak. Hiru finalaurreko jokatuko dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira.
Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera; puntu gehien batzen dituzten beste bost bertsolarirekin osatuko da finaleko taldea.
Finala
Zortzi bertsolari lehiatuko dira: finalaurreko bakoitzeko lehena eta puntuazioz sailkatu diren beste bostak.
Bi saiotan banatuko da finala: lehendabizi zortzi bertsolariak jardungo dira eta ondoren puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko buruz burukoa egingo da. Arratsalde osoko jardunaren ostean puntu gehien dituen bertsolaria izango da txapelduna.