Aurkezpena
Iritsi da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 46.ena. Azkenekoa, 2021ekoa, ziurgabetasun erabatekoan egin genuen, pandemia baten erdian, bertso plaza moteldua zelarik, eta kultura arriskuan. Egun, zorionez, bertso plaza berreskuratzen doala esan dezakegu, eta kulturak, mehatxuak mehatxu, gizartearentzat duen balio ezinbestekoa erakutsi du. Bide horretan, ale berri bat gehitzera dator aurtengo txapelketa.
Bi hilabetez, gure irudiak islatzen duen bezala, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta orohar euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da. 24 bertsolari parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzailek eginen dute posible egitasmoa.
Nafarroako bertsolaritza une gozoan dela dator 46. Txapelketa. 2021eko edizioan, Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. Eta azken Bertsolari Txapelketa Nagusian ere toki nabarmena izan du Nafarroak. Bai, zer esanik ez, Iruñeak jaso duelako final handia, baina baita ere nafar bertsolariek txapelketa osoan zehar edukitako paperagatik.
Baina hori guztia ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmititzeko hezkuntzaren alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Egitasmo horiek baliabideak eta bultzada beharko dute hemendik aurrera ere, fruituak ematen segi dezagun.
Baina orain, gozatu eta gozarazteko unea da. Iritsi da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa.