Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 24 bertsolarirekin
Iritsi da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 46.ena. Azkenekoa, 2021ekoa, ziurgabetasun erabatekoan egin genuen, pandemia baten erdian, bertso plaza moteldua zelarik, eta kultura arriskuan. Egun, zorionez, bertso plaza berreskuratzen doala esan dezakegu, eta kulturak, mehatxuak mehatxu, gizartearentzat duen balio ezinbestekoa erakutsi du. Bide horretan, ale berri bat gehitzera dator aurtengo txapelketa.
Bi hilabetez, gure irudiak islatzen duen bezala, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta orohar euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da. 24 bertsolari parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzailek eginen dute posible egitasmoa.
Nafarroako bertsolaritza une gozoan dela dator 46. Txapelketa. 2021eko edizioan, Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. Eta azken Bertsolari Txapelketa Nagusian ere toki nabarmena izan du Nafarroak. Bai, zer esanik ez, Iruñeak jaso duelako final handia, baina baita ere nafar bertsolariek txapelketa osoan zehar edukitako paperagatik.
Baina hori guztia ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmititzeko hezkuntzaren alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Egitasmo horiek baliabideak eta bultzada beharko dute hemendik aurrera ere, fruituak ematen segi dezagun.
Baina orain, gozatu eta gozarazteko unea da. Iritsi da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa.
Zortzi saio, beste horrenbeste udalerritan
29 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izanen dira Iruritan abiatuko den ibilbidean. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, beste horrenbeste udalerritan. Izan ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan urrats berri bat emango du aurtengo txapelketarekin.
Lau final-laurden izango dira guztira, Iruritan, Vianan (txapelketaren historian lehen aldiz), Uharten eta Agoitzen. Hor ariko diren 24 bertsolaritatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Azkenik, Iruñean jokatuko da finala, abenduaren 2an, larunbatez, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Hor erabakiko da 2023ko txapelduna.
Parte hartzaileei dagokionez, anitza da ordezkaritza. Lau parte hartzaile berri izango dira (Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Fernando Ziganda), eta baita txapelketan aspalditik parte hartzen duten beste hainbat ere. Aurten, gainera, lau txapeldun ariko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto, Xabier Silveira eta egungo txapelduna den Saioa Alkaiza.
Sarrera guztiak eskuragai daude gaurtik aurrera www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere Internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta finala, 17:00etan hasiko dena.
Txapelketa proiektu kolektiboa da, hainbat lagunen arteko elkarlanez egiten dena. Bide horretan, hainbat erakunderen laguntza jaso du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Batetik, txapelketaz harago, urte osoko jarduna babesten dutenak, Nafarroako Gobernua eta Laboral Kutxa. Bestetik, txapelketa hartuko duten herri guztietako udalak: Larraungo Udala, Etxauriko Udala, Baztango Udala, Vianako Udala, Uharteko Udala eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroa, Leitzako Udala, Altsasuko Udala, Agoizko Udala, Lesakako Udala eta Iruñeko Udala. Eta baita txapelketari jarraipen zuzena egingo dioten komunikabide laguntzaile andana ere. Mila esker denei