Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Prest daude zortzi finalistak, abenduaren 2ko finalerako

2023/11/24
Gaur aurkeztu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, heldu den abenduaren 2an, larunbatarekin, Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian egingo dena. Aurkezpenean izan dira zortzi bertsolari finalistak, elkarteko ordezkariekin batera.

Urriaren 7an Iruritan hasitako bidea bere helmugara iristear da. Baztanen abiatu eta Vianatik, Uhartetik, Leitzatik, Altsasutik, Agoiztik eta Lesakatik pasa ostean, finalaren ataritan da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Abenduren 2an izango da azken ekitaldi hori, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita. Zortzi bertsolari iritsi dira azken geltokira: Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saats Karasatorre Martinez, Saioa Alkaiza GuallarSarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Horien artean izango da 2023ko txapelduna.

Gaur aurkeztu dute finala, Anaitasunan bertan, zortzi finalistak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariak han zeudela. Azken honen izenean, Nerea Bruño lehendakariak hartu du hitza. Aipatu duenez, bi hilabetan, "bertsogintza hona eta hara" hedatu ditu txapelketak, eta "harekin batera, euskara bera eta euskarazko kultur sorkuntza herrialdean barna" zabaldu ditu egitasmoak. Bide horretan, 1.700 lagunek egin dute bat txapelketarekin, eta 2.000tik gora espero dira finalean.

Txapelketan, Nafarroako bertsolaritza "sendo, osasuntsu eta anitz" azaldu dela ere adierazi du NBEko lehendakariak, eta zortzi finalisten argazkia jarri du horren adibide gisara.: "Orain bi urte, hemen bertan, bi finalista berri izan genituen, eta aurten, beste bi dauzkagu. Hori, zalantzarik gabe, bertsolaritzaren transmisioan etengabe egindako lanaren fruitu da, eta poztekoa da, katea ez delako eteten". Era berean, finalistek Nafarroako eskualde ezberdinak ordezkatzen dituztela eta, "geografikoki, azken urteetako argazkirik anitzenetako bat" eskaintzen dutela esan du Bruñok. "Lan handia egin da azken hamarkadetan bertsolaritza Nafarroan hedatzeko, eta horren ondorio da gaur hemen ikus dezakegun argazkia."

Genero ikuspegiari ere presente izan du lehendakariak finalaren aurkezpenean: "Parekidetasunetik urrun bagaude ere, azpimarratzekoa da aurtengo finalean, ia bi hamarkada eta gero, bi emakume izango direla oholtza gainean. Hau izango da, dudarik gabe, hurrengo urteetako erronka nagusietako bat, txapelketako parte hartzaileen arteko genero arrakala bultzatzen duten arrazoiak identifikatu eta horiei konponbidea jartze aldera." 

Azkenik, txapelketan zehar laguntzaile izandako guztien ekarpena eskertu du Bruñok, eta finalarekin orain arteko bidea borobiltzeko desioa agertu du: "Nafarroan euskara hutsez egiten den kultur ekitaldi handienetako baten bitartez, bertsogintzaren eta euskal kulturgintzaren aldeko festa handia jasoko du Anaitasunak. Denontzako gozagarri izatea desio dugu".

Zortzi ahots Anaitasunari kantatzeko
Zortzi bertsolari ariko dira Anaitasunako oholtzan kantari. Horien artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Gainerakoak, finalean arituak dira. Julio Sotok hamaikagarren finala du, Eneko Lazkozek zortzigarrena, hirugarrena Joanes eta Xabat Illarregik, eta bigarrena Josu Sanjurjok eta Saioa Alkaizak.

Finalisten artean badira txapeldun izandakoak ere bai: Saioa Alkaiza da egungo txapelduna, orain bi urte, Anaitasunan bertan, irabazita. Julio Sotok, berriz, bost txapela ditu irabazita (2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an).

Ainhoa Larretxea Agirrek eta Ander Aranburu Arriolak aurkeztuko dute saioa, eta bi zati izango ditu. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela, Alaitz Rekondo Ferreroren eskutik.

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, finalaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aurrera, Anaitasunako txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira. Ateak 15:00etan irekiko dira, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko deia egin du, pilaketak ekiditeko.

Finala ETB4 katean jarraitu ahalko da zuzenean, telebistan, eta internetez, www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus atarietan, streamingean. ETB1ek, gainera, buruz burukoa eskainiko du, 21:00etatik aurrera.

 

 

Zortzi bertsolari finalistak, gaur, Anaitasuna kiroldegian egindako aurkezpenean.