Lesakako aforoa handitu, eta sarrera salmenta berriz ireki du txapelketako antolakuntzak
Pasa den asteartean agortu ziren azaroaren 19an Lesakan jokatzekoa den Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekorako sarrera guztiak. Ordutik, sarrera eskari handia jaso du txapelketako antolakuntzak, eta egoera aztertuta, saioa aretoz aldatzea erabaki dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Lesakako Udalak, Harriondoa Kultur Etxetik herriko pilotalekura. Modu horretan, aforoa handitu da, eta berriz da martxan sarrera salmenta. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak.
Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi ariko dira kantuan Lesakako finalaurrekoan, Alaitz Rekondo Ferrero gai-jartzaile dela. Egun horretan bertan jakingo da abenduaren 2an Iruñeko finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda; hain justu, hiru finalaurrekoetako irabazleak eta sailkapenaren araberako lehen bostak izango dira finalistak.