Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Larunbat honetan jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Agoitzen

2023/11/09
Herri horretako Kultur Etxean jokatuko da saioa, 17:30ean. Kantuan ariko diren sei bertsolarietatik, irabazleak eskuratuko du finalerako txartel zuzena. Sarrera gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen.

Larunbat honetan jokatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, Agoizko Kultur Etxean. 17:30ean hasiko da saioa, eta sei bertsolari ariko dira bertan kantuan: Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Idoia Granizo Uribarrena, Ekain Alegre Gil, Julen Zelaieta Iriarte eta Urko Gartzia Aleman. Maialen Belarra izango da gai-jartzailea; epaile lanetan, aldiz, bost laguneko taldea ariko da: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Sarrera gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen salgai, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Saioko irabazleak zuzenean eskuratuko du abenduaren 2an Iruñean jokatuko den finalerako txartela; gainontzekoek, finalaurreko guztiak bukatu arte itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. Momentuz, Saioa Alkaiza Guallar da sailkatu bakarra, pasa den larunbateko Altsasuko saioa irabazi eta gero. Heldu den larunbatean jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Lesakan, eta hor argituko da finalisten zerrenda.

Agoitzen ariko diren sei bertsolariak; irabazlea finalera sailkatuko da zuzenean.