Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Julio Sotok irabazi du Vianako saioa, eta finalaurrekoetara sailkatu da

2023/10/14
Azaroaren 11an Agoitzen jokatuko den finalaurrekora zuzenean sailkatu da Iruñeko bertsolaria. 170 entzule elkartu dira Vianako Kultur Etxean, txapelketaren bigarren final-laurdena zuzenean jarraitzeko.

Vianan jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren saioa, herri horretako Kultur Etxean. 170 bertsozale inguru elkartu dira bertan, saioa zuzenean jarraitzeko. Sei bertsolari aritu dira kantuan, zozketak ebatzitako ordenean: Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Urko Gartzia Aleman, Patxi Castillo Graciarena, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Aitor Irastortza Arrizubieta. Gai-jartzaile lanak, aldiz, Zigor Gartzia "Zian"-ek egin ditu. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Vianako Udalarekin elkarlanean antolatu du saioa, txapelketaren historian lehen aldiz herri horretan.

Behin ariketa puntuagarriak eginda, Julio Sotok eskuratu du puntu gehien (380 ), eta ondorioz, saioa irabazi eta azaroaren 11an Agoitzen jokatuko den bigarren finalaurrekorako sailkapen zuzena lortu du. Haren atzetik sailkatu dira Xabat Illarregi (377,5), Ekhiñe Zapiain (338), Urko Gartzia (300), Patxi Castillo (294) eta Aitor Irastortza (287).

Honela geratu da saioko sailkapena:

1. Julio Soto Ezkurdia: 380
2. Xabat Illarregi Marzol: 377,5
3. Ekhiñe Zapiain Arlegi: 338
4. Urko Gartzia Aleman: 300
5. Patxi Castillo Graciarena: 294
6. Aitor Irastortza Arrizubieta: 287

Bihar segituko du txapelketak, Uharten jokatuko den saioarekin. Arte Garaikideko Zentroan izango da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Joanes Illarregi Marzol, Ainara Ieregi Aranburu, Julen Zelaieta Iriarte, Mikel Lasarte Cia, Beñat Astiz Isasi eta Eki Mateorena Zozaia, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen aginduetara. .

Julio Soto, Vianako saioko irabazlea, kantuan.