Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Joanes Illarregik irabazi du Lesakako saioa, eta osatu da finala

2023/11/19
Txapelketako azken finalaurrekoa irabazita, abenduaren 2an jokatuko den finalaurrekorako sailkapena eskuratu du Leitzako bertsolariak. Hain zuzen ere, hauek izango dira zortzi finalistak: Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles.

Lesakako udal pilotalekuan jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, frontoia lepo bete duten 500 lagunen aurrean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du saioa, Lesakako Udalaren eta Lesakako Bertso Eskolaren laguntzarekin. Han, zozketak erabakitako ordenean, ondorengo bertsolariak aritu dira kantuan: Beñat Astiz Isasi, Eki Mateorena Zozaia, Josu Sanjurjo Alzuri, Eneko Lazkoz Martinez, Mikel Lasarte Cia eta Joanes Illarregi Marzol. Alaitz Rekondok aurkeztu du saioa, eta epaile lanetan aritu dira Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Bertsolarien artean, Joanes Illarregik eskuratu du puntu gehien (525,5), eta horrenbestez, abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako sailkapen zuzena eskuratu du. Horrela gelditu da, zehazki, Lesakako saioko sailkapena:

1. Joanes Illarregi Marzol (525,5)
2. Eneko Lazkoz Martinez (521,5)
3. Josu Sanjurjo Alzuri (492,5)
4. Eki Mateorena Zozaia (458)
5. Mikel Lasarte Cia (453,5)
6. Beñat Astiz Isasi (401)

Horrenbestez, argitu da zortzi finalisten zerrenda. Altsasuko, Agoizko eta Lesakako finalaurrekoetako hiru irabazleei, Saioa Alkaiza, Julio Soto eta Joanes Illarregiri alegia, puntuazioaren araberako beste bost bertsolari gehitu zaizkie. Hauek dira finalistak:

1. Saioa Alkaiza Guallar
2. Julio Soto Ezkurdia
3. Joanes Illarregi Marzol
4. Xabat Illarregi Marzol
5. Eneko Lazkoz Martinez
6. Josu Sanjurjo Alzuri
7. Saats Karasatorre Martinez
8. Sarai Robles Vitas

 

Lesakako saioko irabazlea, frontoi beteari kantari.