Julio Sotok irabazi du Agoizko saioa, eta hura ere sailkatu da finalera
Agoizko Kultur Etxean jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapeletako bigarren finalaurrekoa, aretoa lepo bete duten ia 270 lagunen aurrean. Han, zozketak erabakitako ordenean, kantuan aritu dira ondorengo sei bertsolariak: Ekain Alegre Gil, Idoia Granizo Uribarrena, Julio Soto Ezkurdia, Julen Zelaieta Iriarte, Xabat Illarregi Marzol eta Urko Gartzia Aleman. Horien denen artean, Julio Sotok eskuratu du puntu gehien (543,5), eta hortaz, pasa den astean Saioa Alkaizak egin bezala, abenduaren 2ko Iruñeko finalerako sailkapen zuzena lortu du. Maialen Belarra aritu da gai-jartzaile lanetan; epaile, aldiz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena aritu dira. Hau izan da, zehazki, saioak utzi duen sailkapena:
1. Julio Soto Ezkurdia (543,5)
2. Xabat Illarregi Marzol (529,5)
3. Julen Zelaieta Iriarte (458)
4. Ekain Alegre Gil (457,5)
5. Urko Gartzia Aleman (445)
6. Idoia Granizo Uribarrena (409,5)
Horrenbestez, finalaurreko bakarra gelditzen zaio txapelketari, hain zuzen ere heldu den igandean, azaroak 19, Lesakan jokatuko dena. Hango pilotalekuan ariko dira kantari Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi. Orduan jakingo da zeintzuk diren zortzi finalistak. Une honetan, horrela dago finalaurrekoetako sailkapena. Gogoratu finalerako sarrerak salgai daudela dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.