Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Igandean jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Lesakan

2023/11/14
Aforoa handituta antolatu du saioa Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Lesakako Udalarekin batera. Sei bertsolari ariko dira herriko pilotalekuan, finalerako sailkapena helburu. Hain zuzen ere, saio hori bukatutakoan argituko da finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda.

Lesakako pilotalekuan jokatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, igandean, 17:30ean. Hasiera batean Kultur Etxean izatekoa zen saioa, baina aforoa beteta, eta sarrera eskari handia zegoela ikusita, ekitaldia herriko pilotalekura aldatzera erabaki zuten Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Lesakako Udalak. Frontoian, beraz, sei bertsolari ariko dira kantari: Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi. Gai-jartzaile lanetan Alaitz Rekondo ariko da, eta epaile, berriz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2ko finalera, momentuz Saioa Alkaizak eta Julio Sotok, Altsasuko eta Agoizko saioetako irabazleek, hurrenez hurren, egin bezala. Gainontzekoek, finalaurrekoen faseko sailkapen osoaren arabera izango dute toki bat ala ez finalean. Hain zuzen ere, Lesakakoa azken finalaurrekoa izanda, saioa bukatutakoan argituko da finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Une honetan, horrela dago faseko sailkapena. Finaleko sarrerak, bestalde, salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian.

Saioa, interneten zuzenean
Sarrera guztiak agortuta daude pasa den astetik, baina ezin bertaratu direnek interneten jarraitu ahalko dute saioa, zuzenean. Izan ere, www.bertsoa.eus atariak streaming bidez eskainiko du saioaren emankizuna, 17:30etatik hasita.

Hauek dira Lesakako saioan ariko diren sei bertsolariak.