Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Altsasun jokatuko da txapelketako lehen finalaurrekoa, larunbat honetan

2023/10/31
Iortiako Kulturgunean izango da saioa, 17:30ean hasita. Sei bertsolari ariko dira kantuan. Irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2an Iruñean jokatuko den finalerako.

Urriaren 7an abiatu zen 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruritan, eta Vianan, Uharten eta Leitzan ere geldialdia egin ostean, iritsi da dagoeneko finalaurrekoen fasera. Larunbat honetan, azaroak 4, jokatuko da hain zuzen ere fase horretako lehen saioa, Altsasuko Iortia Kulturgunean, arratsaldeko 17:30ean hasita. Sei bertsolari ariko dira oholtzan gainean kantari: Sarai Robles Vitas, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Saioa Alkaiza Guallar, Saats Karasatorre Martinez, Eneko Fernandez Maritxalar eta Patxi Castillo Graciarena. Zigor Gartzia "Zian" izango da gai-jartzaile, eta epaile lanetan Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena ariko dira. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian (eta egunean bertan, bukatu ez balira, leihatilan, 16:00etatik aurrera).

Finala izango dute jomugan bertsolariek: saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2ko Iruñeko finalera; besteek, aldiz, finalaurrekoen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatu diren ala ez jakiteko. Altsasukoarekin batera, beste bi finalaurreko izango dira: azaroaren 11an Agoitzen, eta 19an Lesakan. Fasean ariko diren 18 bertsolarietatik zortzik eskuratuko dute finalerako txartela.

Orain arteko ohiko ariketez gain, berri bati ere heldu beharko diote bertsolariek fase berri honetan. Izan ere, zortziko handiko, zortziko txikiko eta hamarreko txikiko ariketei, puntukako ariketa ere gehituko zaie, bikoteka, zortzi bertso osatu bitarte. Ganbarako ariketan, aldiz, bakarka aritu beharko dute, gaia emanda nahi den doinu eta neurrian hiru bertso kantatuz.

 

 

 

Sei bertsolari hauek ariko dira larunbateko finalaurrekoan, Altsasun.