Alaitz Rekondok jarriko dio txapela aurtengo irabazleari
Lesakan jaio zen Alaitz Rekondo Ferrero, 1980an. Herriko bertsozaletasun giroak hauspotuta, txikitatik hasi zen bertsotan. 1993an Nafarroako Eskolarteko Txapelketan hartu zuen parte lehen aldiz. Lehen plaza, berriz, Hendaian egin zuen, 1993an. Gazte garaitan, Bortzirietako hainbat saiotan aritu zen, bertako Bertso Eskolako belaunaldikideekin batera (Erika Lagoma, Ekhiñe Etxepeteleku, Julen Zelaieta, Xabier Terreros…). Orduko Xalto eta Mattin gazte sariketetan ere aritu zen bertsolari. 2000. urtean, lehen aldiz hartu zuen parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan, Tafallan.
Edonola, gai-jartzaile gisara egindako lanagatik da batez ere ezaguna Alaitz Rekondo. 2002an hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaile taldean parte hartzen, eta 2004ko txapelketatik aurkezle gisara aritu da. Bertsolari Txapelketa Nagusiari dagokionez, azken bost ediziotan izan da gai-jartzaile. 2009an, 2013an eta 2022an, gainera, finalean aritu zen; lehen bietan Barakaldoko BEC-en, eta iazkoan Iruñeko Nafarroa Arenan.
Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari kargua hartu zuen 2011an, ordura arte lehendakari izandako Manolo Arozenaren lekukoa hartuz, Lesakan egin zen Batzar Nagusian. Lehendakaritzan hamabi urte eman eta gero, aurtengo otsailean utzi zuen kargua, Nerea Bruñori pasoa emanez. Hain justu, aldaketa une hau baliatu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak Alaitz Rekondori omenaldia egiteko. Txapeldunari txapela jartzeko aukera emanez, Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lan guztia eskertu nahi dio elkarteak, bai eta, zalantzarik gabe, aurrerantzean ere egingo duena. Mila esker, Alaitz!