Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zortzi finalistak prest daude azaroaren 28ko finalerako

2021/11/19
Gaur aurkeztu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, heldu den azaroaren 28an, igandearekin, Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian egingo dena. Aurkezpenean izan dira zortzi bertsolari finalistak, elkarteko ordezkariekin batera.

Urriaren 2an Izaban hasitako bidea bere helmugara iristear da. Erronkariko bailaratik igaro, eta Tafallatik, Zangozatik, Doneztebetik, Altsasutik, Berriozartik eta Leitzatik pasa ostean, finalaren ataritan da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Azaroaren 28an izango da azken ekitaldi hori, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita. Zortzi bertsolari iritsi dira azken geltokira: Eneko Fernandez Maritxalar, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria. Horien artean izango da 2021eko txapelduna.

Gaur aurkeztu dute finala, Anaitasunan bertan, zortzi finalistak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariak han zeudela. Azken honen izenean, Alaitz Rekondo Ferrero lehendakariak hartu du hitza, nabarmenduz txapelketaren bideak, bi hilabetez, "kultur sorkuntza, bertsolaritza eta euskara herrialdeko bazter ugaritara" eraman dituela. Aipatu dutenez, 1600 lagunek egin dute bat txapelketarekin orain arte, eta herrialdeko bertsolaritza "sendo, osasuntsu eta anitza" agertu da. Zentzu horretan, pandemiak sortutako egoerari erantzun eta "kultur plazak biziberritzeko ahaleginean", Nafarroako Bertsolari Txapelketak "bere alea" jarri duela azpimarratu du elkarteko lehendakariak: "Bultzada eta aldarri izan zedin abiatu genuen txapelketa, eta asmo horrekin egin du orain arteko bidea. Finala ere izan dadila beraz bultzada eta aldarri, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan". 

Zortzi buru, Anaitasunari kantari

29 bertsolarik abiatu zuten bidea, baina zortzi baino ez dira iritsi finalera. Horiek dira oholtza gainean ariko direnak kantari. Horietatik, batek bakarrik jantziko du txapela, Estitxu Arozena Albizuren eskutik. Edonola ere, txapeldunetik harago, talde lana nabarmendu du Rekondok: "Izan dadila denentzat gozamen iturri, eta are gehiago, izan dadila Anaitasunaren estalpean bilduko garen denontzat (bertsolari, gai-jartzaile, epaile, antolatzaile, laguntzaile, entzule guztientzat) festa kolektibo handia".

Alaitz Rekondok berak eta Ander Aranburu Arriolak aurkeztuko dute saioa. Bi atal izango ditu finalak: lehenengoan zortzi bertsolariak ariko dira. Bigarren atalera lehen atalean puntu gehien eskuratutako bi bertsolariak pasako dira. Bi ataletako puntuazioak batuta puntu gehien lortzen duenak jantziko du txapela.

Finalisten artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak, Josu Sanjurjo eta Saioa Alkaiza. Gainerakoak, finalean arituak dira. Xabier Silveirak hamaseigarren finala izango du, Julio Sotok hamargarrena, Eneko Lazkozek zazpigarrena, bosgarrena Eneko Fernandezek, eta bigarrena Joanes eta Xabat Illarregik. Finalisten artean badira txapeldun izandakoak ere bai: Julio Soto da oraingo txapelduna, eta  bost txapela ditu irabazita (2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an), Xabier Silveirak, zazpi txapel ditu guztira, 1997an, 2004an, 2005ean, 2006an, 2007an, 2009an eta 2013an irabazitakoak. Finalak, beraz, era guztietako ibilbideak eta kantaerak bilduko ditu oholtza berean.

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, finalaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aurrera, Anaitasunako txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira. Ateak 15:00etan irekiko dira, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko deia egin du, pilaketak ekiditeko. Gainera, osasun neurri guztiak mantentzeko betebeharra gogorarazi du, bai eta bertsolarien lana errespetatzeko isiltasuna mantendu eta mugimendu handiak ekiditeko eskaera egin ere.

Finala ETB4 katean jarraitu ahalko da zuzenean, telebistan, eta internetez, www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus atarietan, streamingean. ETB1ek, gainera, zuzeneko konexioa egingo du 21:00etan, eta finalaren laburpen saioa emango du igandean bertan, 23:30etatik aurrera. Hainbat hedabide ere akreditatu dira finala bertatik bertara jarraitzeko.

Zortzi bertsolari finalistak, gaur goizean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.