Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Saioa Alkaiza da 2021eko Nafarroako txapelduna

2021/11/28
Lehen aldiz finalera iritsi eta txapela jantzi du Saioa Alkaizak, Eneko Lazkozekin buruz burukoa jokatu eta gero. Bertsolaritzaren alde ekarpen handia egin duen Estitxu Arozenak jantzi dio txapela irabazleari.

1.750 lagun elkartu dira gaur Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala zuzenean jarraitzeko. 15:00etan ireki dira aretoko ateak, eta behin pistako eta harmailetako aulkiak beteta, 17:00etan oholtzaratu dira bertsolariak, zozketak erabakitako ordenean: Julio Soto EzkurdiaSaioa Alkaiza Guallar,  Eneko Fernandez MaritxalarJoanes Illarregi MarzolEneko Lazkoz MartinezJosu Sanjurjo Altzuri, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira EtxeberriaAnder Aranburu Arriolak egin ditu aurkezle lanak, eta Alaitz Rekondo Ferrero aritu da gaiak ematen.

Ekitaldiaren lehen zatian, bost ariketetan aritu dira zortzi bertsolariak: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horietan Saioa Alkaizak eta Eneko Lazkozek bildu dute puntu gehien, eta horrenbestez, haiek pasa dira buruz burukora. Atal honetan, puntuka eta seiko motzean aritu dira hasieran, eta kartzelako lanarekin bukatu dute eguneko saio puntuagarria.

Horren ostean iragarri dute txapeldunaren izena. Hain zuzen ere, Alkaizak, Nafarroako Bertsolari Txapelketako bere lehen finalean eta 995 punturekin, irabazi du txapela. Zehazki, horrela gelditu da finaleko sailkapena (ariketaz ariketako puntuazioa, hemen):

1. Saioa Alkaiza (995 puntu)
2. Eneko Lazkoz (992 puntu)
3. Julio Soto (627,5 puntu)
4. Joanes Illarregi (596 puntu)
5. Xabier Silveira (592,5 puntu)
6. Xabat Illarregi (582,5 puntu)
7. Josu Sanjurjo (580,5 puntu)
8. Eneko Fernandez (573 puntu)

Sei epailez osatutako epaimahaia izan da bertsolarien lana epaitzeaz arduratu dena: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Haien puntuazioek zehaztu dute txapelduna eta sailkapen osoa. Lehen bost sailkatuek, gainera, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea eskuratu dute, Nafarroako ordezkari gisara. Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da txapelketa horren finala.

Estitxu Arozena Albizuk jantzi dio txapela aurtengo irabazleari, eguneko unerik hunkigarrienetako batean. Modu horretan, bertsolari, bertso irakasle, eragile eta antolatzaile gisara bertsolaritzaren alde egindako lan eskerga eskertu nahi izan dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean, lehendakaritza taldeko Igor Elortza Aranoak eman dio oroigarria txapeldunari. Gainontzeko sariak Nafarroako lau kultur elkarteko ordezkariek eman dituzte -Goizuetako Umore Ona, Iruñeko Zaldiko Maldiko, Lesakako Arrano eta Tuterako Beterri-; hala, elkarte horiek urteetan bertsolaritzaren alde egindako lanari keinu egin nahi izan dio antolakuntzak.


Bide baten amaiera

Urriaren 2an abiatu zen txapelketa, Izaban. Erronkariko bailaratik igaro, eta handik Tafallara, Zangozara, Doneztebera, Altsasura, Berriozarrera eta Leitzara azbiatu ondotik, Iruñean bukatu da ibilbidea, gaurko finalarekin.

Bi hilabetez, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatu ditu 45. Nafarroako Bertsolari Txapelketak, kultur sorkuntza, bertsolaritza, eta euskara herrialdeko bazter ugaritara eramanez. Bidean, ia 4000 lagunek egin dute bat txapelketarekin, eta Nafarroako bertsolaritza sendo, osasuntsu eta anitz agertu da plazara.

Zentzu horretan, Nafarroako bertsolaritzak bere alea jarri du, pandemiak eragindako egoerari aurre egin eta kultur plazak biziberritzeko ahaleginean. Izan ere, uste baino beranduago abiatu zen txapelketa, pandemiak atzeratuta. Bidean, agerian gelditu zen kulturgintzaren hauskortasuna, eta erabat moteldu zen bertso plaza. Horren harira, bultzada eta aldarri izan zedin abiatu zen txapelketa, eta asmo horrekin egin du gaur arteko bidea.

Hitzetik Hortzera berezia, heldu den igandean

Hainbat dira finala zuzenean eman duten hedabideak, eta beste hainbat horren berri emateko akreditatu direnak. Hurrengo egunetan segida izango du finalaren jarraipenak, hainbat erreportaje eta elkarrizketekin.

Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean ekoitzitako Hitzetik Hortzera telebista programak, esaterako, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak emandako bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu, heldu den igandean, 15:00etan, ETB1 katean.

www.bertsoa.eus atariak, bestalde, bertsoaldien bideo hautaketa eta kronika idatzia jasoko ditu bihar, eta txapeldunari eta beste finalisteei egindako elkarrizketak, etzi.

Saioa Alkaiza Estitxu Arozenarekin. / XDZ - Josu Santesteban