Leitzako aforoa handitu, eta sarrera salmenta berriz ireki du txapelketako antolakuntzak
Pasa den astelehenean agortu ziren azaroaren 14an Leitzan jokatzekoa den Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekorako sarrera guztiak. Ordutik, sarrera eskari handia jaso du txapelketako antolakuntzak, eta egoera aztertuta, saioa aretoz aldatzea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Herri Aretotik herriko kiroldegira. Modu horretan, aforoa handitu da, eta berriz da martxan sarrera salmenta. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak.
Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Julen Zelaieta Iriarte eta Iker Gorosterrazu Elizagoien ariko dira kantuan Leitzako finalaurrekoan, Ainhoa Larretxea Agirre gai-jartzaile dela. Egun horretan bertan jakingo da azaroaren 28an Iruñeko finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda; hain justu, hiru finalaurrekoetako irabazleak eta sailkapenaren araberako lehen bostak izango dira finalistak.