Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Eneko Lazkozek ere eskuratu du finalaurrekoetarako sailkapena

2021/10/09
Tafallako final-laurdenean nagusi izan da Etxarri Aranazko bertsolaria, eta ondorioz, azaroaren 6an Berriozarren izango den bigarren finalaurrekorako txartela eskuratu du. 150 lagun inguru bildu dira Tafallako Kultur Etxean, saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Tafallan jokatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdena. 150 lagun inguru bildu dira bertan, saioa zuzenean ikusteko. Oholtza gainean, sei bertsolari, Alaitz Rekondo gai-jartzailearen aginduetara: Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Aleman. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Tafallako Udalaren laguntza izan du saioa antolatzerako orduan.

Sei bertsolari horietatik, Eneko Lazkoz Martinezek eskuratu du puntu gehien (357,5), eta ondorioz, saioa irabazi eta finalaurrekoetarako urratsa eman du; zehazki, azaroaren 6an Berriozarren izango den bigarren finalaurrekoan izango da Etxarri Aranazko bertsolaria. Bere atzetik sailkatu dira Saioa Alkaiza Guallar (356), Erika Lagoma Pombar (350,5), Alazne Untxalo Erregerena (320), Ekhiñe Zapiain Arlegi (316) eta Urko Gartzia Aleman (272). Horiek denek final-laurdenetako fasea bukatu bitarte zain egon beharko dute, hurrengo fasera pasatzen diren ala ez jakiteko. Oraingo 24 bertsolarietatik, 18k egingo dute aurrera.

Honela geratu da saioaren puntuazioa:

1. Eneko Lazkoz Martinez. 357,5
2. Saioa Alkaiza Guallar. 356
3. Erika Lagoma Pombar. 350,5
4. Alazne Untxalo Erregerena. 320
5. Ekhiñe Zapiain Arlegi: 316
6. Urko Gartzia Aleman: 272

Bihar, urriaren 10ean, jarraituko du Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Zangozako Karmengo Auditorioan, 17:30ean. Han ariko dira Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Mikel Lasarte Cia eta Oier Lakuntza Irigoien. Zigor Gartzia "Zian" izango da gai-jartzaile. Ondorengo loturan eskuratu daitezke sarrerak.

Eneko Lazkoz, kantari Tafallako saioan.