Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Julio Soto ere sartu da finalera, Berriozarko saioa irabazita

2021/11/06
200 lagun elkartu dira Berriozarko Entzunaretoan, txapelketako bigarren finalaurrekoa bertatik bertara jarraitzeko. Sei bertsolari aritu dira kantuan: Josu Sanjurjo, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Julio Soto. Azken horrek eskuratu du puntu gehien, eta azaroaren 28ko finalerako sailkapena eskuratu du, pasa den astelehenean Eneko Lazkozek eskuratu bezala.

Berriozargo Entzunaretoak hartu du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa. 200 lagun bildu dira bertan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Berriozarko Udalarekin laguntzarekin antolatutako saioa zuzenean ikusteko. Kantuan sei bertsolari, zozketaren araberako ordenean: Josu Sanjurjo Altzuri, Alazne Untxalo Erregerena, Patxi Castillo Graciarena, Mikel Lasarte Cia, Saioa Alkaiza Guallar eta Julio Soto Ezkurdia. Maialen Belarra Eneterreaga aritu da gai-jartzaile.

Behin ariketa puntuagarri guztiak eginda, Julio Sotok eskuratu du epaileen puntu gehien (520,5), eta ondorioz, saioa irabazi eta azaroaren 28an Iruñean egingo den finalerako txartela eskuratu du. Berarekin batera Eneko Lazkoz ere dago dagoeneko finalean, pasa den asteleheneko Altsasuko saioa irabazi ostean. Gainerako bertsolariek finalaurrekoetako fasea bukatu bitarte zain egon beharko dute, finalerako sailkatzen ote diren jakiteko.

Horrela gelditu da Berriozarako saioko sailkapena:

1. Julio Soto Ezkurdia (520,5)
2. Saioa Alkaiza Guallar (480,5)
3. Josu Sanjurjo Altzuri (474,5)
4. Alazne Untxalo Erregerena (428,5)
5. Mikel Lasarte Cia (422)
6. Patxi Castillo Graciarena (414,5)

 

Julio Soto, saioko irabazlea, gaurko saioko une batean.