Estitxu Arozena Albizuk jantziko dio txapela irabazleari
Mutrikun 1975ean jaioa, hiru hilabete besterik ez zituela mugitu zen familia Lesakara, aitaren (Manolo Arozena bertsolaria) lan aferen ondorioz. Hango Tantirumairu Ikastolan ikasi zuen Arozenak, eta han bertsozaletu zen. Giro horretatik sortu zen Lesakako Bertso Eskola, eta hango lehen belaunaldiko kide izan zen Arozena. 16 urterekin egin zuen lehen plaza, 1991an, Beran, Korrikaren aldeko bazkari batean, Manolo Arozena aita, Bittor Elizagoien eta Xabier Silveirarekin batera. Hurrengo urtean, 1992an, lehen aldiz hartu zuen parte txapelketan.
Ordutik, 17 ediziotan hartu du parte, eta guztietan sartu da finalera. 1995ean, Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazita, lehen emakumea izan zen Bertsolari Txapelketa batean txapela eskuratzen. 1998an ere irabazi zuen txapela; txapeldunorde, bestalde, zazpi alditan izan da. 1993, 1997, 2001 eta 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusietan ere parte hartu izan zuen.
Baina bertsolari figuratik askoz harago doa Estitxu Arozenaren bertsolaritzarekiko ekarpena. Psikologia eta sexologia ikasketak izanagatik, bertso irakasle gisara jardun du batez ere. 1998an hasi zen zeregin horretan, eta ordutik, ehundaka taldeetan aritu da, Nafarroan gora-behera, Hezkuntza Arautuan zein Bertso Eskoletan. Bortzirietako Bertso Eskolako eragile nagusietako bat ere bada, eta hamarnaka bertso saio eta egitasmotako antolatzaile.
Iaz bete ziren 25 urte 1995eko lehen txapelarekin jarritako mugarri horretatik, baina pandemiak galarazi zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitekoa zuen omenalditxoa. Orain, txapela jartzeko aukera emanez, Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lan guztia eskertu nahi dio elkarteak, bai eta, zalantzarik gabe, aurrerantzean ere egingo duena. Mila esker, Esti!