Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Eneko Lazkozek irabazi du Altsasuko saioa, eta bera da lehen finalista

2021/11/01
300 lagunen aurrean jokatu da Altsasuko finalaurrekoa, Iortia Kulturgune bete batean. Han aritu dira kantuan Endika Legarra, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Oier Lakuntza. Horien artean, Lazkozek lortu du puntu gehien, eta ondorioz, bera da azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finalerako lehen sailkatua.

Altsasun jokatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, Iortia Kulturgunea bete duten 300 lagunen aurrean. Han aritu dira kantuan, zozketan egokitutako ordenean, ondorengo bertsolariak: Endika Legarra Nuin, Eneko Lazkoz Martinez, Erika Lagoma Pombar, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Oier Lakuntza Irigoien. Fernando Anbustegi Goñi izan da saioan gai-jartzaile. Nafarroako Bertsozale Elkartea Altsasuko Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

Saio puntuagarria amaituta, Eneko Lazkozek lortu du puntu gehien, eta modu horretan, saioa irabazi eta Iruñean azaroaren 28an jokatuko den finalerako lehen txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Xabat Illarregi, Erika Lagoma, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra eta Oier Lakuntza. Zehazki, horrela geratu da saioko puntuazioa:

1. Eneko Lazkoz Martinez (489)
2. Xabat Illarregi Marzol (465)
3. Erika Lagoma Pombar (442)
4. Ekhiñe Zapiain Arlegi (427,5)
5. Endika Legarra Nuin (392)
6. Oier Lakuntza Irigoien (388,5)

 

Eneko Lazkoz, txapelketako lehen finalista, gaurko Altsasuko saioan kantari.