Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Berriozarren jokatuko da txapelketako bigarren finalaurrekoa, larunbatean

2021/11/03
Osasun arazoak medio, Eneko Fernandezek ezingo du saio horretan kantatu, eta Julio Sotok hartuko du bere tokia. Harekin batera ariko dira oholtzan Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte eta Patxi Castillo. Irabazleak zuzenean eskuratuko du finalerako txartela. Sarrerak salgai daude, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Berriozarko Entzunaretoan jokatuko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, larunbat honetan, azaroak 6, arratsaldeko 17:30ean hasita. Han ariko dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Alazne Untxalo Erregerena, Mikel Lasarte Cia eta Patxi Castillo Graciarena. Eneko Fernandez Maritxalar zen aritzekoa, baina osasun arazoak direla medio, ezingo du oholtza gainean izan; horren aurrean, txapelketako araudian zehaztutako prozedura gauzatu du antolakuntzak, eta berez Leitzan kantatzekoa zen Julio Sotok hartu du Fernandezen tokia. Fernandez, ongi bidean, Leitzako saioan ariko da beraz, azaroaren 14an.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak Berriozarko Udalaren laguntzarekin antolatu du larunbateko saioa. Maialen Belarra Eneterreaga ariko da gai-jartzaile, eta sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioa irabazten duen bertsolariak zuzenean eskuratuko du azaroaren 28an Iruñean izango den finalean kantatzeko aukera, pasa den astelehenean, Altsasuko finalaurrekoan, Eneko Lazkozek eskuratu bezala. Gainontzekoek hiru finalaurrekoak bukatu bitarte itxaron beharko dute, pilatutako puntuak finalean sartzeko aske zaizkien ala ez jakiteko.

Berriozarkoa igarota, izan ere, finalaurreko bakarra geldituko baita jokatzeke, Leitzan, azaroaren 14an. Han zehaztuko da finalean sartzen diren zortzi bertsolarien zerrenda, finalaurrekoetan kantari ari diren 18 bertsolarietatik. Sarrerak salgai daude saio horretarako ere, bai eta finalerako ere, online.

Sei bertsolari hauek ariko dira Berriozarko saioan, finalerako toki bila.