Aurkezpena
Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Lesakatik Atarrabiara eta Etxarri Aranatzetik Iruñera, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan.
30 bertsolarik eman dute izena Nafarroako 44. Bertsolari Txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izango dira Tuteran hasiko den ibilbidean. Martxoaren 23ra arte, zortzi saiotan ariko dira, beste horrenbeste herrietan, Nafarroako geografia anitzean barrena. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian itsasoratuko dira bide horretako urak, finalean. Bertsolariekin batera, zazpi epailetako taldeak, hamabost gai-jartzailek eta hamarnaka laguntzailek egingo dute posible egitasmoa.
Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea. Txapelketa urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu da, bertsolaritza transmititzeko alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena.
Txapelketa, beraz, bertsogintzaren eta euskararen aldeko lan horri bultzada emateko aukera ederra da. Nafarroako bertsolariei ikusgarritasuna emanez, bertsogintza sustatu eta gizartean ezagutarazteko aukera emango duen egitasmoa martxan da. Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da.