Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xabier Terrerosek irabazi du Etxarri Aranazko finalaurrekoa, eta zuzenean sailkatu da finalera

2019/03/09
Martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako txartela lortu du Lesakako bertsolariak, Etxarri Aranatzen gaur izandako finalaurrekoan 360,5 puntu eskuratu eta saioa irabazi ostean. Herriko Kultur Etxean bildu dira 200 entzule inguru, saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Etxarri Aranatzen jokatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, herriko Kultur Etxean elkartu diren 200 lagun ingururen aurrean. Haien aurrean aritu dira Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro. Alaitz Rekondok egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Jon Abril, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joseba Beltza aritu dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Etxarri Aranazko Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko.

Saio puntuagarriaren ostean, Xabier Terrerosek eskuratu du puntu gehien (360,5), eta hortaz, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalerako txartela eskuratu du, pasa den igandean Eneko Lazkozek eskuratu bezala. Terrerosen atzetik sailkatu dira eta Julio Soto (358,5), Julen Zelaieta (355,5), Iker Gorosterrazu (338), Diego Riaño (307,5) eta Iban Garro (304,5). Bost bertsolari hauek biharko Lesakako finalaurrekoa igaro arte itxaron beharko dute, finalera sailkatzen diren jakiteko.  Osotara, 8 bertsolari pasako dira finalera, finalaurrekoan aritu diren 18etatik.

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Xabier Terreros Gartzia
Julio Soto Ezkurdia
Julen Zelaieta Iriarte
Iker Gorosterrazu Elizagoien
Diego Riaño Barroso
Iban Garro Alzuri

360,5
358,5
355,5
338
307,5
304,5

 

Bihar izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Lesakako Kultur Etxean izango den hirugarren eta azken finalaurrekoarekin, 17:30ean. Han ariko dira Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Alazne Untxalo, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandez, Fernando Anbustegi gai-jartzailearen aginduetara. Saioa bukatutakoan jakinaraziko da finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Sarrerak agortu dira, eta ez da txarteldegirik irekiko.

Xabier Terrerosek irabazi du Etxarri Aranazko saioa, eta finalera sailkatu da. (Joseba Zabalza)