Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Tuteran eta Urdazubin jokatuko dira Txapelketako lehen bi saioak, asteburuan

2019/02/04
Saio bakoitzeko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetarako sailkapena. Gainerakoek, final-laurden guztiak pasa arte itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko.

Abiatzear da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean jokatuko da Tuteran lehen final-laurdena, eta igandean bigarrena, Urdazubin. Guztira, lau final-laurden izango ditu txapelketak, eta horiek igarota hasiko da finalaurrekoen fasea.

Larunbatean, Tuteran, ondoko sei bertsolari hauek izango dute txapelketari hasiera emateko ardura: Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorre. Maialen Belarra ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean abiatuko da saioa, Tuterako Musika Eskolan (Mercadal plaza, 7). Nafarroako Bertsozale Elkarteak Tuterako Argia Ikastolaren, 2019ko Nafarroa Oinez-aren, Nafarroako Ikastolen Elkartearen eta Tuterako Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

Igandean izango da bigarren final-laurdena, Urdazubin. Taula gainean izango dira Julio Soto, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman bertsolariak. Ainhoa Larretxea izango da gai-jartzailea. 17:30ean emango zaio hasiera, Urdazubiko Kultur Etxean (Urdazubiko Monastegiaren aldamenean). Urdazubiko Udala da saioan laguntzaile.

Batean zein bestean, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalaurrekoetan kantatzeko aukera; gainerakoek, final-laurden guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 24 bertsolari ariko dira final-laurdenetan, eta 18rentzako tokia izango da finalaurrekoetan.
 
Sarrerak salgai
Zazpi eurotan eskuratu daitezke saioetarako sarrera arruntak, lau eurotan sei eta hamasei urte bitartekoen kasuan, eta bost eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan. Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, bai eta ondorengo puntu fisikoetan ere: Tuterako kasuan, Herriko Tabernan eta Nafarroa Oinez dendan. Urdazubiko kasuan, udaletxean, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara bitarteko ordutegian.

Interneten, www.bertsozale.eus atarian aurkitu daiteke txapelketarekin lotutako informazio guztia, bai eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen Facebook eta Twitter (@unibertsoa) kontuetan ere. Edozein informazio eskuratzeko, gainera, nafarroa@bertsozale.eus helbidean edota 948143747 telefonoan jar zaitezkete gurekin harremanetan.

Sei bertsolari izango dira saioetako bakoitzean, Tuteran eta Urdazubin, finalaurrekoetarako txartel bila.