Faseak eta sailkatzea
Lau sailkapen fasetan banatua dago Txapelketa: kanporaketa, final-laurdenak, finalaurrekoak eta finala.
Kanporaketa
Abenduaren 16an jokatu zen Iruñean, Katakrak aretoan. Nafarroako Bertsolari Txapelketan lehen aldiz izena eman duten bederatzi bertsolariek hartu zuten parte: Leitzako Joanes Illarregi, Barañaingo Ainara Ieregi, Ander Baiano eta Mintxo Astiz, Etxarri Aranazko Saats Karasatorre,Oskotzeko (Imotz) Joana Ziganda, Aldazko (Larraun) Luis Mari Larreta, Artikako (Berriobeiti) Sahats Aleman eta Azpirozko (Larraun) Aitor Irastortza
Kanporaketa horretako lehen lau bertsolariek Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuten: Saats Karasatorre, Joana Ziganda, Sahats Aleman eta Joanes Illarregi.
Final-laurdenak
30 bertsolari izango dira fase honetan. Sei bertsolariz osatutako bost saio jokatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten beste hamahiruekin osatuko dira finalaurrekoak.
Finalaurrekoak
18 bertsolari arituko dira fase honetan: aurreko faseko saio bakoitzeko irabazleak eta puntu gehien batzen dituzten beste hamahiruak. Hiru finalaurreko jokatuko dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira.
Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera; puntu gehien batzen dituzten beste bost bertsolarirekin osatuko da finaleko taldea.
Finala
Zortzi bertsolari lehiatuko dira: Finalaurreko bakoitzeko lehena eta puntuazioz sailkatu diren beste bostak.
Bi saiotan banatuko da finala: lehendabizi zortzi bertsolariak jardungo dira eta ondoren puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko buruz burukoa egingo da. Egun osoko jardunaren ostean puntu gehien dituen bertsolaria izango da txapelduna.