Beran eta Antsoainen jokatuko dira asteburuan txapelketako lehen bi finalaurrekoak
Asteburu honetan abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen fasea, finalean ariko diren zortzi bertsolariak nortzuk diren argitu nahian. Larunbatean (martxoak 18) Beran eta igandean (martxoak 19) Antsoainen jokatuko dira lehen bi finalaurrekoak, eta bi saio horietan jakinaraziko dira finaleko lehen bi finalistak.
Larunbatean, 17:30ean hasita, Berako Kultur Etxean sei bertsolarik hartuko dute parte: Julio Soto, Eneko Lazkoz, Iñigo Olaetxea, Ander Fuentes ‘Itturri’, Kotte Plaza eta Alazne Untxalo. Alaitz Rekondok egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak. Berako Udalak eta Bortzirietako Bertso Eskolak lagundu dute saioa antolatzen.
Asteburuko bigarren saioa, bigarren finalaurrekoa, igandean izanen da, Antsoaingo Antzokian, 17:30ean. Xabier Terreros, Xabier Maia, Iker Gorosterrazu, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo eta Mikel Lasarte igoko dira oholtzara. Maider Ansa izanen da aurkezle eta gai-jartzailea. Antsoaingo Udalaren laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak saioa antolatzeko.
Saio bakoitzeko irabazleak finalera pasako dira zuzenean. Gainerakoek, finalaurrekoen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, sailkapenaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko. 8 dira finalera sailkatuko diren bertsolariak, oraingo 18etatik.
Sarrerak salgai
Hamar euroko salneurria dute bi saioetarako sarrera arruntek, sei eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideen eta 16 urtetik beherakoen kasuan. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak. Berako saiorako sarrerak, gainera, herriko Errekalde ostatuan erosi ahalko dira. Saioen egunean, gainera, 16:00etan irekiko dira bi aretoetako leihatilak, eta han ere eskuratu ahal izanen dira sarrerak.
Martxoaren 26an izango da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Agoitzen. Orduan zehaztuko da apirilaren 8ko Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko final handian ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.bertsozale.eus webgunean aurkituko duzue.