Lizarrako final-laurdenean, Ander Fuentes "Itturrik" lortu du sailkatze zuzena
160 bertsozalek jarraitu zuten Lizarrako final-laurdeneko saioa. Herritarren presentzia nagusi eta aretoa beteta, giro epelean abiatu zuten bertsolariek saioa. 25 urtetik beherako lau bertsolari gazte izan ziren oholtza gainean, Iker eta Egoitz Gorosterrazu anaiak, Josu Sanjurjo lesakarra eta Mikel Lasarte barañaindarra, bere lehen parte-hartzearekin. Haiekin batera, azken Txapelketa Nagusian ibilitako Eneko Fernandez, Nafarroako Txapelketan bigarren aldiz lehian dabilena eta Ander Fuentes "Itturri" zubietarra, Txapelketako parte-hartzean beteranoena.
Anderrek puntu gehien batuta, Lesakako finalaurrekorako txartela lortu zuen eta gainontzekoek, igandean jokatuko den Lakuntzako azken final-laurdeneko puntuazioen zain egon beharko dute. Sailkapen orokorraren arabera, final-laurden bakoitzeko irabazleek eta 13 puntuaziorik onenek egingo dute aurrera.
Lizarrako puntuei erreparatuta, honakoa izan zen emaitza:
Bertsolaria | Puntuazioa |
---|---|
Ander Fuentes "Itturri" | 251,5 puntu |
Eneko Fernandez | 243,5 puntu |
Josu Sanjurjo | 230,5 puntu |
Iker Gorosterrazu | 230 puntu |
Mikel Lasarte | 224 puntu |
Egoitz Gorosterrazu | 204,5 puntu |
Igandean, bosgarren final-laurdena Lakuntzan
Otsailaren 22an, bosgarren eta azken final-laurdena jokatuko da Lakuntzako Kultur Etxean. Arratsaldeko 17:30ean hasita, honako bertsolariak izango dira kantuan: Eneko Lazkoz, Xabier Maia, Patxi Castillo, Ioar Tainta, Iñigo Olaetxea eta Xabier Terreros. Aurkezle lanetan berriz, Alaitz Rekondo.
Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke edo Kultur Etxean bertan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.