Larunbatean abiatuko da finalaurrekoetako fasea, Berriozarko saioarekin
Oholtza gainean sei bertsolari arituko dira kantuan: Jon Barberena baztandarra, ohiko finalista eta aurtengo final-laurdenetako Iruñeko saioa irabazita zuzenean sailkatua. Julio Soto gorritiarra, bi aldiz txapelduna eta Irurtzungo saioa irabazita zuzenean sailkatua. Eneko Fernandez lesakarra, aurreko edizioko finalista eta Txapelketa Nagusian aritutako bertsolaria. Iñigo Olaetxea lesakarra, txapelketako parte-hartze mailan beteranoa eta urtez luzez finalista izandakoa. Alazne Untxalo iturendarra, bertsolari gaztea eta txapelketan ohiko parte-hartzailea. Eta Sarai Robles barañaindarra, hau ere bertsolari oso gaztea eta txapelketan lehen parte-hartzea duena. Aurkezle lanetan berriz, Fernando Anbustegi arituko da.
Berriozarko finalaurrekoa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da martxoaren 28an Elizondoko pilotalekuan jokatuko den finalera. Gainontzeko bertsolariek puntuazio orokorren zain egon beharko dute.
Saiorako sarrera hamar eurokoa da, sei euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik Berriozarko Ekia ekodendan eskuratu daitezke edo www.bertsosarrerak.eus atarian. Takila berriz, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da aretoan bertan.
Berriozarko Udalak lagundu du saioa antolatzen.