Julio Sotok irabazi du 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa
Zortzikoteak bere lan puntuagarria amaitu ostean Julio Soto eta Xabier Terreros izan dira buruz-burukoa jokatu dutenak.
Honela gelditu da finaleko puntuazioa:
Julio Soto:....................................797,5 puntu
Xabier Terreros:..........................759
Eneko Lazkoz:............................446,5
Oskar Estanga:......................... 430,5
Eneko Fernandez:.................... 420,5
Ander Fuentes “Itturri”: ............. 412,5
Julen Zelaieta:............................411
Aimar Karrika:...........................405,5
Fernando Anbustegi eta Alaitz Rekondok gidatu dute finala. Epaile lanetan Nerea Bruño, Mikel Beaumont, Jon Abril, Arkaitz Goikoetxea eta Saioa Mitxelena aritu dira eta Nerea Goñi idazkari lanetan.
Momentu ederrak izan ditu saioak: Baztango Ikastolako seigarren mailako haurrek bertsotan aurkeztu dituzte finalistak saioari hasiera emanez eta Juanjo Atxa almandoztarra izan da Julio Sotori txapela jantzi dioena. Baztan ikastolako irakasle izanik, urte luzeetan zehar eskola orduetan bertsolaritzaren transmisioan eta zabalkundean eginiko lan isil eta etengabea eskertu nahi izan diogu Nafarroako Bertsozale Elkartetik.
Bihar, igandea, bazkalostean, finalaren laburpena eskainiko da Hitzetik Hortzera telebista saioan, ETBren lehenengo katean. Bertsoa plaza digitalean ere bihar eskegiko da gaurko saioari buruzko hautaketa.
Eskerrak luzatu nahi dizkiegu, txapelketan parte hartu duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, hala nola, txapelketa osoan zehar laguntzaile izan ditugun bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketa hartu duten udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei…
Mila esker guztioi Nafarroako bertsolaritza hauspotzeko egindako ahaleginarengatik!
Txapeldunaren agurra:
Julio Soto / Elizondo, 2015-03-28
Aitak zuri hitz egiten
pasatzen ditu egunak
egunero pizten dizu
kandela ama kuttunak.
Itsaso zurekin dago
dauden bezala lagunak
Idurre eta Gorriti
eta oilagorren lumak
guztiok elkartzen gaitu
zuganako maitasunak.
Alberto hartu itzazu
besarkada bihotz dunak
gutxi barru aurrez aurre
emango dizkizugunak.