Julio Soto eta Xabier Terreros finalerako lehen sailkatuak, Berriozar eta Lesakako saioak irabazita
Martxoaren 7an larunbatarekin ekin zitzaion Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoari, Berriozarko Entzunaretoan. 285 bertsozaleren aurrean, Jon Barberena, Julio Soto, Alazne Untxalo, Iñigo Olaetxea, Sarai Robles eta Eneko Fernandez aritu ziren kantuan eta sei bertsolariek ere bikain erantzun zioten saio puntuagarrien tarteari. Gorabeherak gorabehera, Fernando Anbustegiren gidaritzapean guztiek utzi zituzten ale politak eta azkenean puntu gehien batuta, Julio Soto izan zen saioko irabazlea. Gainontzekoek puntuazio orokorren zain gelditu beharko dute finalera sailkatzen diren jakiteko. Hona hemen saioko puntuazioak:
Bertsolaria | Puntuazioa |
---|---|
Julio Soto | 347,5 puntu |
Eneko Fernandez | 324 puntu |
Jon Barberena | 310 puntu |
Iñigo Olaetxea | 299,5 puntu |
Alazne Untxalo | 299 puntu |
Sarai Robles | 280,5 puntu |
Berriozarko finalaurrekoaren bertsoaldiak hemen ikus daitezke.
Igandean, Lesakan
Martxoaren 8an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean jokatutako bigarren finalaurrekoan beste sei bertsolari izan ziren lehian: Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Kotte Plaza, Xabier Terreros, Amaia Elizagoien eta Ander Fuentes “Itturri”. 270 bertsozalek aretoa beteta, Bortzirietako Bertso Eskolako gaztetxoen agurrarekin ekin zitzaion saioari. Tarte puntuagarriari ekinda, sei bertsolariek bertsozaleek gogotik txalotutako bertsoaldi ederrak utzi zituzten eta azkenean Xabier Terreros lesakarrak eskuratu zituen puntu gehien, finalerako txartel zuzena bereganatuz. Karrikak, Zelaietak, Itturrik, Plazak eta Elizagoienek puntuazio orokorrekin batera jakinen dute finalerako sailkapena.
Hauek dira Lesakako puntuazioak:
Bertsolaria | Puntuazioa |
---|---|
Xabier Terreros | 344 puntu |
Aimar Karrika | 336 puntu |
Ander Fuentes "Itturri" | 327 puntu |
Julen Zelaieta | 319,5 puntu |
Kotte Plaza | 315 puntu |
Amaia Elizagoien | 286 puntu |
Lesakako bertsoaldiak hemen ikus daitezke.