Igandean amaituko da final-laurdeneko fasea, Lakuntzako saioarekin
Otsailaren 22an Lakuntzako Kultur Etxean 17:30ean hasita, honako sei bertsolariek kantatuko dute: Eneko Lazkoz etxarriarrak, Xabier Terreros, Iñigo Olaetxea eta Ioar Tainta lesakarrek, Patxi Castillo beratarrak eta Xabier Maia elizondarrak. Maider Ansa Sakanako Bertso Eskolako kidea izango da aurkezlea. Saioko irabazleak martxoaren 15ean Burlatan jokatuko den finalaurrekorako sailkatze zuzena eskuratuko du eta berarekin batera, hiru finalaurrekoetan kantatuko duten 18 bertsolarien izenak erabakita geratuko dira; bost final-laurdenetako irabazleak eta 13 puntuaziorik onenak eskuratzen dituzten bertsolariak. Finalaurrekoak Berriozar, Lesaka eta Burlatan izango dira, martxoaren 7, 8 eta 15ean hurrenez hurren.
Lakuntzako saiorako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus atarian eta herriko Apur okindegian eskuratu daitezke. Takila, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da Kultur Etxean bertan.
Lakuntzako final-laurdenaren antolaketan Lakuntzako udalak eta Sakanako Bertso Eskolak lagundu dute.