Loitzate Goñik, Nora Mendiak eta Saioa Alkaizak eskuratu dituzte Iruñeko II. Bertsopaper Lehiaketako sari nagusiak
Ebatzi da Iruñeko II.Bertsopaper Lehiaketa. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako lehiaketan 20 lagunek hartu dute parte (hamabi gizon eta zortzi emakume), 22 lan ezberdinekin (bederatzi A kategorian, haurrenean; bi B kategorian, gazteenean; eta hamaika C kategorian, helduenean). Horietatik, zazpik eskuratu dute sariren bat, Amaia Telletxeak, Mikel Beuamontek eta Sustrai Colinak osatutako epaimahaiaren ebazpenaren arabera.
A kategorian, 2008 edo ondoren jaiotakoenean, Loitzate Goñi Elortza beratarrak eskuratu ditu lehenbiziko bi sariak: lehenbizikoa, Xauli izeneko lanagatik. Txakur bati eskainitako bertso sorta da, "maitasunez eta samurtasunez egina", epaimahaiaren hitzetan. Bigarren saria, egile beraren Baratzea lanak eskuratu du. Hirugarren saria, aldiz, Ekhi Rojo Rodriguez lesakarrak eraman du, Garai berriak izeneko lanagatik. Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko kultur bonoak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
B kategorian, 2004 eta 2007 artean jaioetakoenean, bi lan besterik ez dituzte aurkeztu. Lehen saria Nora Mendia Zabalza iruindarraren Barne n/hormez lanarentzat izan da. Epaimahaiaren arabera, etxeari eta etxeak gordetzen duenari jarritako sorta hau "soila da, zehatza, ironia puntu bat duena, eta nabarmenki erakusten duena asko esan daitekela neurri motz eta bertso gutxitan, luze idatzi gabe". Bigarren saria Beñat Astiz Isasi barañaindarrarentzat izan da, Kea darion bizitza honi lanagatik. Irabazleek 350 eta 200 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.
C kategorian, 2003 edo lehenago jaiotakoenean, helduenean alegia, Saioa Alkaiza Guallar antsoaindarrak irabazi du lehen saria, bigarren urtez jarraian, kasu honetan Habitat lanarekin. Epaimahaiak sortaren deskribapenen kalitatea nabarmendu du, baita "etxeko sofatik irten gabe" obrak lantzen dituen gaiek hartzen duten espektro tematikoa ere: maitasuna, genero indarkeria eta bakardadea, besteak beste. Bigarren saria Eneko Fernandez Maritxalar lesakarraren Olinpora bidean lanarentzat izan da. Hirugarren saria, ordea, hutsik uztea erabaki dute epaileek. Irabazleek, 1500 eta 1000 euroko sari bana irabazi dute.
Iazko lan saritua, oholtzara
Bestalde, asteazken honetan estreinatuko da Saioa Alkaizak zuzendutako Biziraute Saiakera emanaldi berezia. Ikuskizunak iazko Bertsopaper Lehiaketako helduen kategoriako lehen sariduna du oinarrian; Saioa Alkaiza beraren Hiru pena mota bertso sorta, hain justu. Lan horretatik abiatuz, bertso saioa ondu du Alkaizak, beste hainbat kidek lagunduta: Maite Berriozabal izango da gai-jartzailea, Itsaso eta Haize Agirre musikariek iazko lan horretako bertsoak musikatu eta kantatuko dituzte, eta bat-batean aritzeko lau bertsolari izango dira: Julio Soto, Sarai Robles, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi. Gainera, Maider Aldai diseinatzailea aritu da emanaldiaren atrezzoa eta euskarri grafikoak lantzen. 19:00etan hasiko da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak 5 eurotan eskuragai daude aretoaren webgunean bertan, eta lehiatilan, saioa hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.
Hiru pena mota sortan, familia bereko hiru kideren -aitaren, amaren eta alabaren- barne mundua azaltzen zuen Alkaizak, horien krisi eta galdera existentzialak plazaratuz. Oholtza gaineko ikuskizunean, pena hori egon egongo da, baina eremu domestikora egingo du salto emanaldiak, eta umorerako eta bestelako gaietarako aukera ere izango da.
Bertsoaroa, otsailera
Pasa den ostiralean egin zuten prentsaurrekoa Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariek, Bertsopaper Lehiaketako saridunak aurkeztu eta Biziraute Saiakera emanaldia aurkezteko. Hirugarren gai bat ere izan zuten hizpide: hain zuzen ere, Bertsoaroa zikloa egutegian atzeratzea eta otsailean egiteko erabakiaren berri eman zuten. Izan ere, uneotan jokoan da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, azaroaren 28an bukatuko dena. Bertsoaroak Iruñeko hiriari unean uneko bertsolaritzaren berri ematea du helburu, kalitatez eta aniztasunez. Azken 30 urteetan antolatu da, eta erreferentziazko zikloa da. Gauzak horrela, eta helburuak bete daitezen, egoki ikusi da txapelketarekin bat egin ez dezan, eta Iruñeari egiten zaion bertso eskaintza orekatua izan dadin, otsailera atzeratzea.