Enaitz Zestauk, Kattin Madariagak eta Eneko Fernandezek irabazi dituzte IV. Bertsopaper Lehiaketako sari nagusiak
Pasa den azaroaren 30ean bukatu zen epea Iruñeko IV. Bertsopaper Lehiaketan lanak aurkezteko, eta Aimar Sagastibeltzak, Joseba Beltzak eta Saioa Mitxelenak osatutako epaimahaia bilduta, ebatzi da aurtengo sariketa ere. Guztira, 35 lagunek hartu dute parte, 44 lan ezberdinekin (30 A kategorian, haurrenean; 8 B kategorian, gazteenean; eta 6 C kategorian, helduenean). Horietatik bederatzi izan dira sarituak, kategoria bakoitzeko hiru.
A kategorian, 2010ean edo ondoren jaiotakoenean, Enaitz Zestau Telletxeak eskuratu du lehen saria, Totti izeneko lanagatik. Epaimahaiaren arabera, "istorio polit eta samur bat kontatzen du" bertso sortak, "zailtasun tekniko handiko doinu baten bidez, eta deskribapen politekin". Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosentzat izan da, Gure mundu ederra izeneko lanagatik. Naturaren zaintza sustatzen duen lana da, "freskoa, eta argumentuz josia". Hirugarren saria Maialen Ormaetxea Erroren Netflix ikusten lanarentzat izan da. "Gaiari lotutako semantika adierazgarria" azpimarratu du epaimahaiak, "adin horretarako oso adierazgarria". Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko kultur bonoak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
B kategorian, 2006 eta 2009 artean jaioetakoenean, zortzi lan aurkeztu dituzte guztira. Iaz bezala, Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du aurten ere lehen saria, Hau ote da? lanarekin. Sorta horrek "neurri txikian ere lan sakon bat egiten ahal dela" erakusten du epaileen arabera; "nerabezaroko kezkak hitz joko politekin adieraziak eta arrazonamendu bikaina erabiltzen du". Bigarren saria ere Kattin Madariagarentzat izan da, Zori onak, edo lanagatik. Epaimahaiaren arabera, egileak "lan hunkigarri bat sortu du" sorta horrekin: "Istorio bat kontatzen digu, egun bat irauten duena, bukaera apropos eta borobil batekin". Hirugarren saria, azkenik, Kattalin Lizarraga Mendiak eskuratu du, Modelo gorputza lanarengatik. Testu horretako "hitz-joko politak" nabarmendu ditu epaimahaiak: "Aldarrikapen kutsu bat dago sorta osoan zehar, norbere gorputzaren onarpenarena". Irabazleek 350, 200 eta 150 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.
C kategorian, 2005 edo lehenago jaiotakoenean, helduenean alegia, Eneko Fernandez Maritxalarrek irabazi du lehen saria, Baina zergatik guri izenburuko lanarekin. Epaimahaiaren hitzetan, "era bikainean lotutako sorta" da Fernandezena, "bertso hunkigarri eta sakonez" betea. Bertso horien arteko progresioa, gainera, "zehatza eta egokia" dela ondorioztatu dute epaileek. Bigarren saria Estitxu Arozena Albizuren Hamabi bertso baietz lanarentzat izan da. Epaimahaiak, kasu honetan, "gai serioa izanik ere", egileak "ironia eta umorearen erabilera izugarria" egin izana txalotu du. Hirugarren saria, azkenik, Manex Mailharin Ortigosarentzat izan da, Bertso(gintzaren) paperaz lanagatik. "Hausnarketarako" sorta dela nabarmendu du epaimahaiak, "hausnartzeko zenbait galdera uzten dizkiguna". Irabazleek, 1.500, 1000 eta 500 euroko sari bana irabazi dute, hurrenez hurren.
Saritutako lanak irakurtzeko, sakatu hemen.