Sarrerak agortuta eta aforoa mugatuta jokatuko da 2020ko Bardoen finala
Dena dago prest 2020ko Bardoen finalerako. Larunbatean jokatuko da, 17:00etatik aurrera, Lizarra Ikastolako areto nagusian. Hiru talde izango dira aurrez aurre, hirurak finalaurrekoetako fasean sailkatuak: Leitzako Atekaberts komeni, Berako Lamixene, eta Malerreka-Baztango Bertsonautak. Urtarrilean abiatu eta pandemiaren eraginez zazpi hilabetez etenda egon den ibilbidean azken geltokia izango da, 23 saiotan azkena. Orduan jakingo da zer talde den txapeldun Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketaren bosgarren edizioan.
Nafarroako Gobernuak atzo bertan iragarritako neurri berrien ondorioz, antolakuntzak are gehiago murriztu behar izan du ekitaldirako aforoa. Neurriak betetzeko, asko jota 100 lagun bilduko dira finalean. Ondorioz, ez da sarrera gehiagorik salduko, ez aurrez, eta ezta saioaren egunean bertan ere. Saioan, gainera, segurtasun eta osasun prebentziorako neurri guztiak beteko dira: ikus-entzuleen arteko distantziak, desinfekzio neurriak, maskaren erabilera, eta abar. Neurri horiek modu antolatuenean betetzeko, saiora garaiz joateko deialdia luzatu nahi du antolakuntzak. Hain justu, 15:30ean irekiko dira ateak, sarbidea errazteko.