Larunbatean izango dira lehenbiziko bi finalaurrekoak, Anizen eta Tuteran
Asteburuan abiatuko da 2020ko Bardoetako finalaurrekoen fasea. Lehen fasetik sei talde pasa dira finalaurrekoetara: Malerrekako Bertsonautak, Lesakako Arranopola, Leitzako Atekaberts komeni, Berako Lamixene, Barañaingo Hego Haizea eta Sakanako Sakaña. Sei talde horiek binaka antolatu dira, joan-itzuliko hiru kanporaketetan. Guztira, beraz, sei saio izango dira finalaurrekoetan, joaneko hiru, eta itzuliko beste hiru. Horietan zehaztuko dira aurtengo hiru finalistak.
Larunbatean, otsailak 29, jokatuko dira, hain zuzen ere, joaneko lehen bi saioak, Anizen eta Tuteran. Lehenengoan, Bertsonautak eta Arranopola taldeak izango dira aurrez aurre. Anizko Elkartean izango da saioa, 19:00etan hasita. Sei euroko sarrera izango du saioak, eta otordua eskainiko da bukatutakoan.
Tuteran ere 19:00etan hasiko da finalaurrekoetako saioa. Beterri Peñan izango da ekitaldia, eta han izango dira kantuan Atekaberts komeni eta Sakaña taldeak, finalerako txartel bila. Doakoa da sarrera.
Saio hauetan bildutako puntuei, itzulerako saioetako eskuratzen dituztenak gehitu beharko dizkiete taldeek. Joan-itzuliko kanporaketa bakoitzean puntu gehien eskuratzen duen taldea izango da finalerako sailkatzen dena. Hortaz, hiru talde izango dira martxoaren 28an Lizarran jokatuko den finalean. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian eta Lizarra Ikastolan zein Lizarrako AEK Euskaltegian.