Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Finalaurrekoetako bi saio berri jokatuko dira asteburuan

2020/03/05
Atarrabian, bihar, pasa den astean Tuteran izandakoaren itzulera jokatuko da, Leitzako eta Sakanako taldeen artean. Tafallan, etzi, Barañaingo eta Berako taldeek egingo dute topo, joaneko saioan.

2020ko Bardoetako finalaurrekoetako bi saio berri jokatuko dira datozen egunetan. Bihar, martxoak 6, Atarrabian, Leitzako Atekaberts komeni eta Sakanako Sakaña taldeak ariko dira nor baino nor, pasa den astean Tuteran jokatutako kanporaketaren itzulerako saioan. Ordukoan Leitzako taldeak irabazi zuen saioa, baina itzulerakoan erabakiko da bietatik nor pasatzen den finalera. Atarrabiako Etxebeltza Elkartean izango da saioa, 19:30ean hasita. 3 euroko sarrera du saioak.  

Tafallan larunbatean izango da saioa, 18:00etan Aguazon Peñan. Barañaingo Hego Haizea eta Berako Lamixene taldeak izango dira parez pare, finalerako txartel bila. Kasu honetan, kanporaketako joaneko saioa izango da Tafallakoa, eta gertatzen dena gertatzen dela, itzuleran (martxoaren 14an Jaunsaratsen) erabakiko da bi taldeetatik nork egiten duen aurrera. 3 euroko sarrera du saioak.

Martxoaren 28an izango da Bardoetako finala, Lizarran. Hiru kanporaketetatik sailkatutako hiru talde izango dira bertan kantari, txapela eskuratzeko lehian. Finalerako eta ostean izango den afarirako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, bai eta Lizarra Ikastolan eta Lizarrako Beinat Etxepare Euskaltegian ere.