Beste bost saiorekin dator Bardoetako bigarren asteburua
Aurrera doa Bardoetako lehenbiziko fasea. Pasa den astean jokatu ziren lehenbiziko bost saioak, eta beste bost izango dira gaurtik aurrera ere. Hain zuzen ere, Elgorriagan, Barañainen eta Lizarran izango dira saioak gaur arratsaldean. Bihar, bestalde, Iruñean egingo da saio bat, eta azken bat etzi, igandean, Barañainen.
Elgorriagan 19:00etan hasiko da A multzoari dagokion saioa, herriko ostatuan. Parez pare izango dira Bertsonautak Malerrekako taldea eta Larraun da Araitz.Bi dozena taldea. Sarrera librea izango du saioak, baina egongo da borondatea uzteko aukera.
19:30ean hasiko dira, bestalde, Barañaingo eta Lizarrako saioak. Barañaingoa gaztetxean izango da, eta etxeko taldea den Bertsopiztiak eta Erroibr eta Aezkoako bailaretako Pirini Bardo taldeak izango dira kantuan, B multzoko saioan. Hemen ere librea izango da sarrera, borondate truk. Lizarran, bestalde, Gure Geroa Elkartean izango da ekitaldia, C multzoari dagokiona. Lizarrako Bardeak eta Leitzako Atekaberts komeni taldeak izango dira aurrez aurre. 3 euroko sarrera izango da, eta merendua eskainiko da saioa bukatutakoan.
Bihar Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean izango da saioa, 18:00etan hasita. Iruñeko Drimtin eta Berako Lamixene taldeak izango dira bertsotan, D multzoari dagokion saioan. 6 euroko sarrera izango da, eta otordua izango da saioaren amaieran.
A multzoko saio batek itxiko du asteburuko eskaintza, igandean. Barañaingo Akelamendi Elkartean izango da saio hori, 18:00etan. Herriko Ipar Haizea eta Malerrekako Bertsonautak taldeak izango dira kantuan. 3 euroko sarrera izango da.
Lehen fasearen erdian
Hiru asteburu ditu Bardoetako lehen faseak, eta bigarrena da oraingoa. Asteburua bukatutakoan, 10 saio izango dira honezkero jokatutakoak, lehen faseak dituen 13 saiotatik. Beraz, hiru saio geldituko dira faseari amaiera jartzeko. Horiek igarotakoan jakingo da zeintzuk diren finalaurrekoen fasera sailkatutako sei taldeak.
Tuteran eta Anizen (otsailak 29), Atarrabian (martxoak 6), Tafallan (martxoak 7), Goizuetan eta Jaunsaratsen (martxoak 14) izango dira finalaurrekoak. Horietan zehaztuko dira aurtengo hiru finalistak.