5 saio eta 200 entzuletik gora Bardoetako lehen asteburuan
Bost saiok eman diote hasiera 2020ko Bardoei. Hain zuzen ere, Larraungo Etxarrin, Txantrean (Iruñea), Iturmendin, Erron eta Beran jokatu dira lehenbiziko bost saioak, ostiral, larunbat eta igandez, 200 lagun baino gehiagoren aurrean, eta giro ederrean. Abian dira beraz 2020ko Bardoak.
Ostiralean hiru saio izan ziren. Lehena, Etxarriko dantzalekuan jokatu zen, eskualdeko Larraun da Araitz. Bi dozena eta Barañaingo Ipar haizea taldeen artean. 40 lagun inguru elkartu ziren etxeko taldeko bost bertsolariak eta talde bisitariko seiak entzuteko, eta itxura polita hartu zuen aretoak. Etxarriko kontzejuak eta Larraungo Bertso Eskolak hartu zuten saioa antolatzeko ardura. Gai-emaile lanetan, Ainhoa Iriarte eta Jose Mugiro aritu ziren. Ariketa guztiak egin ondoren, Larraun eta Araizko taldeak eskuratu zuen puntua. Saioa biribiltzeko, beste behin ere merendu bikaina prestatu zuten etxekoek, eta entzuleak eta bertsolariak giro onean aritu ziren elkarrekin solasean, Bardoetan ohikoa izaten den bezala.
Txantrean jokatu zen ostiraleko bigarren saioa, Euskaldunon Biltokian. Bertan izan ziren kantari Barañaingo Hego haizea taldea (etxeko gisara) eta Lizarrako bardeak, 20 lagun ingururen aurrean. Iñigo Avila ibili zen gai-jartzaile lanetan, eta etxeko taldearentzat izan zen puntua. Saioa bukatutakoan, merendua izan zen han bildutakoentzat.
Ostiralean, azkenik, saioa izan zen Iturmendin ere. Herriko Gaztetxearen urteurrena baliatuta antolatu zuten saioa, eta lepo bete zen gaztetxea ekitaldirako. Parez pare izan ziren eskualdeko Sakaña eta Iruñeko Drimtin taldeak, 50 lagun baino gehiagoren aurrean. Unai Artiedak egin zituen aurkezle lanak. Azkenean, Sakanako taldeak bereganatu zuen puntua.
Larunbatean, Erron jokatu zen saioa, Erroko-Etxea elkartean, 40 lagunen aurrean. Erroibar eta Aezkoako Pirini Bardo eta Lesakako Arranopola taldeak izan ziren kantari, Leire Barberena gai-jartzailearen aginduetara. Epaileek eta publikoak hala erabakita, talde bisitariak eraman zuen puntua. Bukaeran afaria egon zen parte hartzaile eta ingurukoentzat.
Beran jokatu zen, atzo, asteburuko azken saioa. Eguraldi ederra baliatuta, Kataku ostatuko terrazan izan zen saioa, 60 lagun baino gehiagoren aurrean. Herriko Lamixene eta Auritz, Hendaia eta Lesakako partaideekin osatutako Amortziaren eliobak taldeak izan ziren kantari, Ainhoa Larretxeak jarritako gaiei erantzunez. Azkenean, herrian gelditu zen puntua, Lamixene taldeka irabazi baizuen saioa.
Ikusi lehen asteburuak emandakoa, argazkitan.