Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Sei saio izango dira 2018ko Bardoetako bigarren asteburuan

2018/02/08
Lesakan, Lakuntzan, Otsagabian, Errazkinen eta Barañainen izango dira asteburuko saioak. Pasa den ostiralean abiatu ziren 2018ko Bardoak, eta martxoaren 24ra arte iraungo du taldekako txapelketak. 16 talde ariko dira guztira.

Pasa den ostiralean abiatu zen 2018ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, eta heldu den asteburuan emango zaio jarraipena txapelketako lehenengo faseari. Guztira, sei saio izango dira otsailaren 9, 10 eta 11an, Lesakan, Lakuntzan, Otsagabian, Errazkinen eta Barañainen.

Ostiralean, 19:00etan, bertso merendua izango da Lesakako Arrano Elkartean, 5 euroko sarrerarekin. Han izango dira, parez pare, Lesakako Unibertsolariak eta Barañaingo Barakinak taldeak. Egun berean, eta ordu berean, bertso saioa izango da Otsagabiako Gartxot elkartean, hura ere merenduaz lagundurik. Amortziaren Eliobak eta Xirristi Drimtin taldeak izango dira lehian. 5 euroko salneurria du sarrerak. Ostiralarekin ere, baina 20:00etan, bertso saioa izango da Lakuntzako Sorginak tabernan, Sakanako Sakana Zart eta Malerreka eta Baztango Addams familia taldeekin. Sarrera librea izango da, baina borondatea uzteko aukera izango du hala nahi duenak.

Larunbatean, Errazkingo Txirrika elkartean, 17:30ean, bertso-merendua izango da (Larraun da Araitz) Bi dozena etxeko taldea eta Lizaharrak taldearen artean. Bost euroko sarrera du saioak. Egun berean, 19:00etan, saioa izango da Barañaingo Gaztetxean, hura ere merenduaz lagundurik. Etxeko Patioko Banda eta Berako Ibardin:Hiru ta lau dira zazpi taldeak ariko dira nor baino nor. Borondatearen araberakoa izango da sarrera.

Igandean, azkenik, bertso-merendua izango da Barañaingo Haizea elkartean, 18:00etan. Herriko Barañetak eta Sakanako Sakana Zart taldeak ariko dira kantuan. 3 euroko sarrera izango du saioak.

Saio horrek osatuko du asteburuko egitaraua. Lehen fasea bukatzeko, ordea, azken asteburu bat izango da, otsailaren 16tik 18ra. Behin hori igarota jakingo da zeintzuk diren bigarren fasera pasako diren sei taldeak.