Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Leitzako 'Aldatzea komeni' nagusitu da 2018ko Bardoen finalean

2018/03/24
Lekunberriko Toki Alai sagardotegian jokatu da 2018ko Bardoen finala, ia 200 entzuleren aurrean. Leitzako 'Aldatzea komeni', Baztan eta Malerrekako 'Addams familia' eta Lesakako 'Unibertsolariak' taldeak aritu dira kantuan, giro ederrean. Azkenean, Leitzako taldearentzat izan da sari nagusia.

Otsailaren 2an abiatu zen 2018ko Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, 16 talde eta 113 parte hartzailerekin. 22 saioren ostean, gaur jokatu da finala, Lekunberriko Toki Alai sagardotegian. Ia 200 entzule izan dira saioa bertatik bertara jarraitzen, giro ederrean. Taula gainean, hiru talde: Leitzako 'Aldatzea komeni', Baztan eta Malerrekako 'Addams familia' eta Lesakako 'Unibertsolariak'. Guztira, hamabi bertsolari izan dira kantuan, eta talde bakoitzeko kide banak bete ditu gai-jartzaile zereginak. Azkenean, publikoko 20 lagunen eta Bardoetan parte hartu duten talde bakoitzeko kide banaren puntuak zenbatuta, Leitzako 'Aldatzea komeni' taldea izendatu dute 2018ko Bardoetako txapeldun. Euskal produktuekin osatutako saski eder bana eta Bardoetako zapia eskuratu dute hiru talde finalistek. Irabazleak, gainera, Murugarrengo Aldaiondo sagardotegian otordu bat egiteko txartela jaso dute.

Hasierako agurrek jarri diote abiapuntua eta umore dosia saioari. Musikak lagunduta, aurkezpenerako baliatu dute taldeek agurra. Horren ostean, ofizioen txandari heldu diote. Zortziko handian, enpresariaren eta lana bilatzen duenaren paperetan aritu dira Iker Gorosterrazu eta Josu Sanjurjo, lehenak bigarrenaren sare sozialetan arakatu eta gero. Zortziko txikian, Alazne Untxalo eta Xabat Illarregi aritu dira: tabernan parrandan zeudela, bere telefono zenbakidun papera sartu du Illarregik Untxaloren sakelera. Seiko motzean aritu dira gero Eneko Fernandez eta Diego Riaño, arrakastadun film euskaldun bateko aktoreen rolean. Arrakastak bidea zabalduko diela uste izan du Riaño, baina ezkor dabil Fernandez.

Hiruna punturi erantzun diote gero Iker Gorosterrazuk, Joanes Illarregik eta Eneko Fernandezek. Ondoren, hurrenez hurren, salbamendurako txalekoari, eskuburdinei eta krosseko dorsalari bertso bana kantatu diote Jon Silveirak, Amaia Elizagoienek eta Xabat Illarregik. Horren ostean, seguidilla-ren doinuan, larrua jo ostean ohean daudenen paperetik kantatu dute Egoitz Gorosterrazuk, Josu Sanjurjok eta Miel Mari Elosegi 'Luze'-k.

Koplen ariketan, binaka aritu dira lehenbizi Jon Silveira eta Josu Sanjurjo, diskotekatik bota dituzten bi lagunen roletik. Kopletan ere, eskiatzen zeudela elkarri traba egin eta lurrean daudenen egoeratik aritu dira Iker eta Egoitz Gorosterrazu. Azkenik, hegazkineko turbulentzien erdian elkarri aitortzak egiten hasi direnen larrutik kantatu dute Joanes Illarregik eta Diego Riañok.

Bakarka Iban Garro, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi aritu dira. Lehenak espero ez zuen gutuna jaso du. Bigarrena aspaldi ikusi gabeko tokira itzuli da. Hirugarrenak, aldiz, lorik hartu ezin duenaren larrutik kantatu du.

Hirukako ofizioan, lapur bat sartu den dendan zeudenen paperetik jardun dute Iban Garrok, Xabat Illarregik eta Amaia Elizagoienek.

Puntukako ariketak eman dio bukaera saio puntuagarri. Leitzako taldeko kideek liburua irakurri gabe irakurle klubera joan direnen roletik jardun dute. Malerreka eta Baztango taldekoak, aldiz, eskolako lanak egin ez eta aitzaki bila dabiltzenen ahotik aritu dira. Lesakarrak, aldiz, izeba hil berritan herentzia jaso nahi duten iloben paperetik ibili dira.

Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta, eta Bardoetan parte hartu duten beste hainbat talde saritu ostean, jakinarazi dute talde irabazlearen izena. Orduan izendatu dute Leitzako 'Aldatzea komeni' taldea 2018ko Bardoetako txapeldun. Larraungo Bertso Eskolako, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko hainbat ordezkarik banatu dituzte sariak. Horien ostean, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu da saioa, bertso-poteoari eta sagardotegi afariari bide emateko.

Leitzako taldeko Miel Mari Elosegi 'Luze', Xabat Illarregi eta Diego Riaño, kantuan.

Bardoak 2018
  • Otsailaren 2tik martxoaren 24ra

  • 16 talde

  • 113 parte hartzaile

  • 74 bertsolari

  • 23 saio