Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Lehenengo fasea amaitu dute Bardoek

2018/02/19
Asteburuan sei saio izan ditu Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenak. Ia 300 entzule izan ziren ostiralean eta larunbatean Altsasun, Lizarran, Iruñean, Garraldan eta Elgorriagan jokatu ziren saioetan. Honekin, lehenengo fasea amaitu eta sei taldek lortu dute bigarrenerako sailkatzea. Asteburuan atseden hartuta, bigarren faseko sei saioak martxoaren 2tik 11ra jokatuko dira.

Ostiraleko lehenengo saioa Lizarran jokatu zen. Herriko "Lizaharrak" eta "Mirristi Drimtin" taldeko kideak izan ziren kantuan Gure Hizkuntza elkartean, 30 entzuleren aurrean. Bisitarientzat izan zen saio honetan jokoan zen puntua. Altsasuko gaztetxean, berriz, 80 lagun elkartu ziren Bardoen saioan. Bailarako "Sakana Zirt" eta Barañaingo "Patioko banda" taldeko kideak izan ziren oholtza gainean eta puntua etxean gelditu zen. Ostiraleko azken saioa "Xirristi Drimtin" eta "Aldatzea komeni" taldeen artekoa izan zen, Iruñean, eta bisitariek haien bigarren puntua eskuratu zuten.

Bardoak Altsasu

Larunbatean ere izan ziren Bardoak Iruñean. 80 lagunek bete zuten Alde Zaharreko gaztetxeko aretoa, "Topa bardo kopa!" eta "Amortziaren eilobak" taldeen saioa entzuteko. Iruindarrek eskuratu zuten puntua. Garraldan 40 inguru izan ziren Bardoak entzutera bertaratu zirenak. "Pirini Bardó" eta "Unibertsolariak" taldeetako bertsolariak aritu ziren kantuan eta azken hauek eraman zuten  saioa. Asteburuko azken saioa Elgorriagan jokatu zuten "Addams familia" eta "Barañetak" taldeek, 60 entzuleren aurrean. Etxekoentzat izan zen jokoan zen puntua.

Saiook jokatuta, amaitu da Bardoen lehenengo fasea. Sei dira bigarren faserako sailkatzea lortu duten taldeak: Lesakako "Unibertsolariak", Larraun-Araizko "(Larraun da Araitz) Bi dozena"; Berako "Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi"; Baztan-Malerrekako "Addams familia", Leitzako "Aldatzea komeni" eta Iruñeko "Topa bardo kopa!".

Bigarren fasean sei saio jokatuko dira martxoaren 2tik 11ra. Saioak non eta noiz izanen diren hurrengo egunotan zehaztuko dute taldeek. Bigarren fase honetatik hiru talde sailkatuko dira martxoaren 24an Lekunberriko Toki Alai sagardotegian jokatuko den Bardoen finalera.

 

 

 

 

Iruñean bi saio izan dira asteburuan.

Bardoak 2018
  • Otsailaren 2tik martxoaren 24ra

  • 16 talde

  • 113 parte hartzaile

  • 74 bertsolari

  • 23 saio