Giro ederra nagusi eta bertsozale ugari Bardoen bigarren asteburuan
Lesakan, Lakuntzan, Otsagabian, Barañainen eta Errazkinen antolatutako saioetan bertsolari eta bertsozale gazteek izan dute protagonismoa eta lehiaz harago, Bardoen izaera hurbil eta umoretsua gailendu da.
Ostiralean 19:00etan Lesakako Arrano elkartean izan zen lehen hitzordua. 40 bertsozale bilduta, arretaz jarraitu zuten Lesakako “Unibertsolariak” eta Barañaingo “Barakinak” taldeen arteko saioa. Azkenean etxeko taldearentzat izan zen puntu irabazlea. Ondotik prestatutako merenduak ere parte hartzaileak zein bertsozaleak bildu zituen.
Ordu berean eman zitzaion hasiera asteburuko bigarren saioari, Otsagabiako Gartxot elkartean. Parez pare izan ziren “Amortziaren eliobak” eta “Xirristi Drimtim” taldeak, biak ala biak Zaraitzu ibarreko parte hartzaile edo familia kideekin. Elkartea 50 lagunek beteta, bertako doinuekin abiatu zen saioa, publikoa lagun. Lan puntuagarriak amaituta, “Amortziaren eliobak” taldeak irabazi zuen saioa.
Ostiraleko hirugarren eta azken saioa Lakuntzan jokatu zen, Sorginak tabernan. 80 bertsozaleren aurrean eta giro onean aritu ziren bertsolariak. Bailarako “Sakana Zart” eta Baztan/Malerrekako “Adams familia” entzuteko parada izan zuten bertaratutakoek eta kasu honetan “Adams familiarentzat” izan zen puntu irabazlea.
Larunbatean berriz, bi saio antolatu ziren. Batetik, Errazkingo Txirrika elkartean, 17:30ean hasita, Larraun eta Araizko “Bi dozena” taldea eta Lizarrako “Lizaharrak” taldea ikusteko aukera izan zen. 25 bertsozale inguruk jarraituta, “Bi dozena” etxeko taldeak lortu zuen puntua eta bi saio irabazita, bigarren fasera sailkatzea lortu zuten.
Bestetik, 19:00etatik aurrera, Barañaingo gaztetxean bertako “Patioko banda” eta Berako “Ibardin: hiru ta lau dira zazpi” taldeak aritu ziren aurrez aurre. 70 lagunek lokala beteta, gazteen bilgune izan zen gaztetxea, bai kantuan bai eta publiko artean ere. Herriko gazteen bertso-eskolako kideek publiko aurrean lehen aldiz kantatzeko aukera izan zuten eta giro ederrean, azkenean talde bisitariarentzat izan zen puntu irabazlea. Aurretik beste saio bat irabazita, bigarren faserako txartela lortu zuten beratarrek.
Asteburuko azken saioa igandean jokatu zen, Barañaingo Haizea elkartean, bertako “Barañetak” eta Sakanako “Sakana Zart” taldeen artean. 40 bertsozale inguru bilduta, talde bisitaria gailendu zen.
Datorren asteburuan Bardoak ekimenaren lehen faseko azken saioak jokatuko dira. Guztira sei saio izanen dira; ostiralean Lizarran, Iruñean, Altsasun eta larunbatean berriz, Elgorriagan, Iruñean eta Garraldan. Saio hauekin, martxoaren 2tik 11ra bitarte eginen den bigarren faserako sailkapena erabakita geratuko da.