Addams familia, Aldatzea komeni eta Unibertsolariak taldeak, Bardoetako finalera
Ostiralean Erratzun Addams familia eta Topa Bardo kopa! taldeak izan ziren kantuan. Herriko Zubipunta taberna lepo bete zen eta saioa parekatua joan bazen ere, azkenean etxekoek lortu zuten haien bigarren puntua eta finalerako txartela eskuratu.
Ostiralean ere, Leitzako izan ziren Bardoak. Etxeko Aldatzea komeni taldeak, Berako Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi taldearen bisita jaso zuen. 50 lagun izan ziren gaztetxean saioa segitzen. Hemen ere etxekoek eskuratu zuten jokoan zen puntua eta bi saioak irabazita, Lekunberriko finalerako sailkatzea.
Azkenik, igandean Lesakako Arrano elkartean bigarren faseko azken saioa jokatu zuten Unibertsolariak eta (Larraun da Araitz) Bi dozena taldeek. 50 lagunek segitu zuten saioa bertatik bertara. Lesakarrek irabazi zuten saioa eta finalerako sailkatu.
Horrenbestez, aurtengo Bardoek badituzte finalistak: Baztan-Malerrekako Addams familia, Leitzako Aldatzea komeni eta Lesakako Unibertsolariak. Finala martxoaren 24an jokatuko da, Lekunberriko Toki-Alai sagardotegian. Hiru talde horietatik aterako da Bardoetako laugarren edizioko irabazlea.
Finalerako zein ondoko afarirako txartelak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.