Taldekako lana garaile Bardoen finalean
Bardoen finalera ailegatu diren hiru taldeetako hamar bertsolari igo dira Etxarriko oholtzara eta taldekideen artean banatu dituzte egin beharreko lanak. Kantatu ezezik, taldeko kideek ere egin behar izan dituzte aurkezle lanak, lau aurkezleren artean banatu dute eginbeharrekoa. Musika ere ez da faltan izan saioan zehar, trikitixa, panderoa, txirula eta kitarrak lagundu dute bertsolarien jarduna.
Ohiko txapelketa ez denez, Bardoetan parte hartu duten beste taldeetako kideek eta entzuleek egin dituzte epaia lanak eta haien erabakiz Leitzako Atekaberts izan da Bardoetako hirugarren edizioa irabazi duen taldea. Bertsozale Elkarteko eta Etxarriko udalaren ordezkarien eskutik hiru taldeek jaso dituzte sariak, baita beste talde batzuek sari bereziak jaso ere.
23 saio bi hilabetetan
Urtarrilaren 22an abiatu zen Bardoen aurtengo edizioa eta osotara 23 saio jokatu dituzte Nafarroan barna. 121 parte-hartzaile izan dira 16 taldetan banatuta, horietatik 71 bertsolari zirela. Hirugarren edizio honetan bardoak eremu berrietara zabaldu dira eta lehen aldiz Lizarran, Altsasun eta Aurizberrin taldeak atera dituzte.